Etxe kaleratzea bertan behera uztea nahi dute
Udalari eskatu diote 2015ean etxe kaleratzerik gabeko udalerri izendapenari segida eman, eta bitartekari lanak egitea etxe kaleratzea egingo duen Caixabankekin, etxe kaleratzea bertan behera uzteko.
Rosa Garcia Perez plenoan atzo. Luze jo zuen atzoko plenoak, batez ere Gaztañoko Topoaren kotxetegietan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko PSE-EEk aurkeztutako mozioak. Horren gainean erreportajea egingo du HITZAk ostiraleko papereko edizioan. Stop Kaleratzeak plataformak aurkeztutako mozioa ere aztertu zuten alderdiek atzoko saio horretan.
Higiezinen atariek etxebizitza legea bete dezatela exijitzeko eskatu zuen plataformak mozio horren bidez. Rosa Garcia Gipuzkoako Stop Kaleratzeak plataformako kideak hartu zuen hitza hura aurkezteko. Salatu egin zuen, tentsionatutako udalerrietarako prezioen erreferentzia indizea publiko egin zenetik, asko direla legea urratzen dutenak. Mugatu egin zuen alokairuaren prezioa edukitzaile handien kasuan erreferentzia indize horrek, baina baita lehen aldiz alokairuan etxebizitza jarriko dutenei. Etxebizitza Legeak beste onura bat ere baduela azaldu zuen Garciak, “azken bost urteetan izandako alokairua errespetatu behar dela ere zehazten du”.
25.695 alokairu bukatzea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzaren Ertxebizitza sailak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2026an; Gipuzkoan, 8.019 kontratu daude amaitzekotan. Plenoan zirenen artean, alokairu kontratua lau hileko epean bukatukoz aien hiru familia ziren, “jakinarazpen jaso dute alokairua bukatuko zaiela esanez, ez dutelako alokairua berritzeko asmorik. Alokairua pagatzen ari dira, ezohiko luzapenera atxikita daudenak, hiru urtera artekoa izan daiteke luzapen hori tentsio handiko eremuetan. Hala ere jakinarazpena jaso dute”
Higiezinen atariak, eta agentziak legea urratzen ari direla salatu zuen Garciak, “horrenbestez, horren jarraipena egitea eta legea urratzen dutela ikusten bada, zigortzea da eskatzen ari garena. Etxebizitza legea bete behar dute”.
Galdera eskaeren atalean hitza hartu zuen berriro ere plataformako Rosa Garcia Perezek. Izan ere, joan den astean bertan jakin dute epaitegi batek etxe kaleratzea agindu duela Errenteria-Oreretako familia baten kontra. Ezin izan zuten hori gai ordenaren barruan sartu, baina bai behin gai zerrendarekin bukatuta landu.
Mozioak aurrera egin zuen EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Errenteriaren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin, eta PPren kontrako botoarekin.
Etxe kaleratzea gelditzeko eskaera
Berriro hartu zuen Garciak hitza, galdera eta eskaeren atalean, Errenteria-Oreretako familia betan etxe kaleratzearen gainean mintzatzeko. Egoera zaurgarria duen familia dela azaldu zuen Garciak, seme adingabea duelako. Lurdes eta Enrique dira eta atzo plenoan izan ziren hainbat lagunek babestuta. Udalari eskatu zioten 2015ean etxe kaleratzerik gabeko udalerri izendapenari segida eman, eta bitartekari lanak egitea etxe kaleratzea egingo duen Caixabankekin, “edukitzaile handia da, banketxe bat eta hirugarren urtez jarraian irabazi historikoak izan ditu beste finantza erakunde askok bezala”.
Zehazki Aizpea Otaegi alkateari eskatu zioten Caixabankekin harremanetan jarri eta eska diezaiola udalerriko familiaren etxe kaleratzea aurtengo abenduaren 31 arte atzeratzeko.
Etxe kaleratzearen testuingurua azaldu zuen plataformako kideak. Gizarte zerbitzuek emandako zaurgarritasun agiria du familiak eta urte pare bat da etxe kaleratzea bertan behera utzia duela legeak horretarako aurreikusten duen irizpideak betetzen dituelako. 2025 hasieran, zaurgarritasun egoeragatik etxe kaleratzea bertan behera utzi zieten familiek berriro aurkeztu behar izan zituzten txostenak, “nortasun agiria, familia liburua, diru sarrerak bermatzeko errentaren agiria, ogasunaren agiria, diru sarrerak, eta higiezinak dituzten erakusten duen txostena. Azken horretan akatsa izan zen, izen eta abizen berak dituen pertsona bat azaltzen da hiru higiezin dituena Espainian. Ez da nortasun agiri zenbakirik, baina 1960. urtean erregistratuak dira. Lurdes, 1979an jaioa da”.
Higiezin horiek erregistratzeko garaian jaio gabea bazen ere kaltetutako familiako kideetako bat, eta zaurgarritasuna bermatzen duen gizarte zerbitzuetako txostena badute ere, Donostiako auzitegiko lehen izapideko bosgarren aretoko epaileak zaurgarritasun egoera ukatu zien azken txosten horretan oinarrituta. Ezin izan zuen familiak zaurgarritasun egoera baliatu etxe kaleratzea bertan behera uzteko, eta uztailaren 15erako ezarri zuen epaitegiak kaleratzea. Hori atzeratzea lortu zuten udalak esku hartuta, Caixabanekin hitz eginda.
Hilabetez utzi dute bertan behera. Baina orain, berriro, kaleratze data bat dago, martxoaren 5ean, goizeko 09:00etan Apeadero kalean. Bertan bizi dira Lurdes, Enrique eta euren semea, adingabea. Haserre gaineratu zuen Garciak, “zentzu komuna da, Caixabankek ulertu behar du akatsa dagoela eta egoera zaurgarrian den familia dela. Edukitzaile handiek bere alea jarri behar dute justizia sozialarengatik bizitegi drama arintzeko. Ez gara eskatzen ari jabe pribatu bati, bat edo bi etxe dituenari, banketxe bati eskatzen ari gara”·.
Etxe kaleratzea gelditu nahi dute, ” eta horrela ez bada, zer egin behar dugu udalerri honetan, familia honekin, eta 11 urteko adingabe batekin?”.
Mobilizazioak ere iragarri zituen Garciak. Agerraldia eta elkarretaratzea egingo dute datorren larunbatean 11:00etan Errenteria-Oreretan, Caixabankek —Nafarroa etorbidea— duen egoitzan.
2015az geroztik bitartekari lanean ari dela udala eta horri esker ez dela etxe kaleratzerik izan banketxe edota inbertsio funtsen aldetik erantzun zuen Aizpea Otaegi alkateak, “kasu honetan ere egin dugu bitartekari lan hori, eta jarraituko dugu ahal dugun neurrian egiten”.
