Etxebizitzaren gaineko "eztabaida sakona" eskatu du gobernu taldeak
Kezka azaldu du gobernu taldeak Eusko Jaurlaritzak kotxetegietarako egindako proposamena nola erabiltzen ari den ikusita, eta eztabaida sakona eskatu du herritarrentzat.
Eneko del Amo Hirigintza zinegotzia atzoko plenoan zuzenketa aurkezten. Luze jo zuen atzoko plenoak, batez ere Gaztañoko Topoaren kotxetegietan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko proposamenaren gainean PSE-EEk aurkeztutako mozioak. Mozio horrekin batera, PPk, EAJk eta gobernu taldeak —EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak osatzen dute— aurkeztutako zuzenketak aztertu zituen plenoak. Horren gainean erreportajea egingo du HITZAk ostiraleko papereko edizioan, Errenteria-Oreretako bi orrialdeetan.
EH Bildu eta Elkarrekin Errenteriak, hau da, gobernu taldeak, atzokoaren gaineko balorazioa egin du prentsa ohar bidez. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak abenduan publiko egin zuen proposamenean, 170 eta 200 etxebizitza artean eraikitzea aurreikusi zuen Gaztañon kokatuak dauden ETSren “Kotxetegi zaharren lurretan”.
Gobernu taldea osatzen duten alderdiek aurkeztutako mozio alternatiboak, onartu zenak, hiru gai nagusi hartu zituen oinarri. Lagatako lurzatietan etxebizitza publikoak azkarrago eraikitzeko beharra izan zen horietako lehena. Etxebizitza Sailari etxebizitza publikoaren eraikuntzan inplikazio eta azkartasun handiagoa eskatzearekin lotuta dago hori. Izan ere, sailak Errenteriako Udalak doan eta kargarik gabe utzitako lursail bat dauka dagoeneko, Esnabiden, 2023. urtearen hasieratik, “aukera zuen han dagoeneko etxebizitzak eraikitzen hasita egoteko. Era berean, martxoan sinatzekoa den beste hitzarmen bat itxi da, babes ofizialeko beste 47 etxebizitza eraikitzeko, kasu honetan Altzaten, udalak doan eta kargarik gabe utzitako lursail batean”.
Hori dela eta, mozioaren edukiaren zati bat etxebizitza eraikitzeko proiektuak gauzatzeko orduan inplikazio eta bizkortasun handiagoa eskatzera zuzenduta egon zen, bizitegi larrialdia zela eta, eta kontuan izanda Errenteria izan zela tentsionatutako udalerri izendatzea eskatu zuen lehen herria.
Bestetik beste arlo bati ere erreparatu ziola gobernu taldeak bere mozioan: “Etxebizitza Sailari udal titulartasuneko lurzorua berriro eskaintzea, babes ofizialeko 500 etxebizitza arte eraikitzeko, HAPOa berrikusteko dokumentuan jasota daude horiek”. Gobernu taldeak Etxebizitza Saila gonbidatu zuen lursailen egokitasuna aztertu eta baloratzera, horrela bi erakundeen artean elkarrizketa bat ezarri ahal izateko eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) azken dokumentua eztabaidatu eta onartu bezain laster lurzatiak eduki ahal izateko.
Partzela horiek, hiri bilbearen luze zabalean identifikatuak, etxebizitza publikoa eraikitzea ahalbidetzen dutela azaldu du gobernu taldeak, “ez auzo bakar batean edo udalerriaren ingurune batean kontzentratuta (Kotxetegietan proposatzen den bezala), baizik eta modu ordenatu eta orekatuan, etxebizitza-tipologien nahasketa sustatuz, eta, beraz, gizarte kohesio handiagoa duen udalerri bat eginez”.
Gobernu taldearen ustez, hori da hiria egiteko modua, eta horixe dagokio udalari Plan Orokor berriaren bidez egitea.
Kotxetegien erabilera
Baina badira, gainera, eztabaida horretan guztian gobernu taldea kezkatzen duten beste gai batzuk,”txikiak ez direnak”. Lehenik eta behin, Errenteria-Oreretak oraindik ez dakiela zein den ETSk Euskal Trenbide Sareak udalerrirako duen topoa integratzeko proposamena azaldu du, Galtzarabordako geltokiaren ingururako proposamena izan ezik, duela gutxi ezagutu dena. Izan ere, gobernu-taldearen ustez, kotxetegietarako egiten den edozein proposamenek trenbideari emango zaion irtenbidearen mende egon behar du, eta ez alderantziz: “Horretarako, jakin behar da ETSk Gaztaño-Erdiguneko geltokiaren inguruan zer esku-hartze plan dituen, kotxetegiei zer erabilera emango zaion eztabaidatu ahal izateko. Baina, nolanahi ere, badago bigarren alderdi garrantzitsu bat, kotxetegiak ez erabiltzearekin zerikusia duena; izan ere, duela gutxi ETSk berak udalari jakinarazi zion bezala, hori ez da epe laburrean gertatuko. ETSk ziurtatu duenez, kotxetegiak beharrezkoak izango dira datozen urteetan bagoiak gordetzeko; izan ere, maiztasunak bikoiztu egingo dira eta beharrezkoa izango da kotxetegiak izatea zerbitzua emateko, berriak eraikitzen ez diren bitartean”.
Hori horrela, udalerria bizitegi larrialdi testuinguruan dela kontuan hartuta, ” jende askok bere bizi proiektuak etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak baldintzatuta ikusten ditu”, kezka azaldu du gobernu taldeak Eusko Jaurlaritzak kotxetegietarako egindako proposamena nola erabiltzen ari den ikusita, eta eztabaida sakona eskatu du herritarrentzat “hain sentikorra” den gai baten inguruan, “etxebizitzan”.
