Organikoaren edukiontziak aldatzen ari dira Lezon
Herriguneko 32 guneetan egingo dute aldaketa. Edukiontzi berriak handiagoak izango dira, eta kamioiek errazago hustuko dituzte.
Edukiontzi berrietako baten irudia.Lezoko Udala Hondakin organikoak uzteko edukiontzi berriak jarriko dituzte ostegun (hilaren 26a) eta ostiral bitartean Lezon. Etxeko hondakinak uzteko herrigunean diren 32 gunetan egingo dute aldaketa; landa eremuko guneetan ez da aldaketarik izango. Lezoko Udala eta San Marko Mankomunitatea elkarlanean ari dira zeregin horretan.
Udalak azaldu du, edukiontzi berriak handiagoak izango dira, “erabilgarritasun handiagoa izango dute”. Gainera, hondakinak horietan sartzeko zuloa ere zabalagoa izango da. Kamioiek errazago izango dute edukiontziak hartu eta hustea, albotik hartuko dituztelako orain artean atzetik hartzen zituzten bitartean.
Aldaketa bitartean, egungo edukiontzi marroien sarrailak kenduko direla ohartarazi dute, baina herritarrek ohiko moduan erabili ahalko dituzte.
