Antxoko erraietara bisita
Hainbat antxotarrek topoko geltoki berriaren inguruak bisitatzeko aukera izan dute. Aurten erabilgarri izango dela jakinarazi diete.
Geltoki berriaren ikuspegi orokorra.Egoitz Segura Azken urteetako Antxoko egunerokoan oso eragin nabarmena izaten ari dira topoaren geltoki berriko lanak. Lurpeko estazioaren eraikuntza prozesuak erabat aldarazi du barrutiaren erdialdea. Obren eragozpenetatik harago, jakin-mina dute antxotarrek: nolakoa izango da geltokia? Izan ere, horren kanpoaldeko lanen jarraipena egiteko aukera dute, baina erraietan zertan ari diren ez dakite ziur. Jakin-min hori atzo baretu zitzaien: Eusko Trenbide Sareko ordezkarien partetik bisita gidatua egin zuten hainbat antxotarrek lurpeko eremu horretara.
Hasteko eta behin, segurtasuna. Barrutiko barrunbeetara jaitsi ziren dozenaka antxotarrei (hiru talde egin zituzten) kaskoa eta lan-txalekoa eman zieten eliza ondoko sarbideko eskailerak jaitsi aurretik. Talde argazkien lehen txanda hura izan zen. Beherantz eliza ondoko sarrera nagusiko eskaileretatik egin zuten, baina ikusi zuten eskailera mekanikoak instalatuta daudela; aldi berean, San Fermin eliza ondoko igogailuaren egitura ere osatua dago, eta horretara era irisgarrian ailegatzeko arrapala ere bukatzen ari dira.
Behin behealdean, bat-batean, espazio zabal bat. Hasteko, bi nasetara iristeko zubi edo solairu arteko (trenbideen gainetik) gune batera iritsi ziren; handik Hendaiarantz edo Donostiarantz joateko nasetara joan ahalko da. Bestetik, bi nasen eta trenbidearen ikuspegi orokorra handik. Esan daiteke obra bera dena ia-ia eginda dagoela, geltokiaren egitura osoa eraiki delako, eta aldi berean trenbidearen noranzko bateko burdinbideak jada jarrita daudelako.
Baina, noizko martxan? ETSko kideek adierazi zutenez, 2026an ziur topoko geltoki berria erabilgarri izanen dela, baina une hori iritsi bitartean geltokia erabat bukatu behar da, eta ondoren trenekin probak egin behar dira. Estazioaren goialdea, Gure Zumardia osoa, San Fermin festen aurretik prest eta erabilgarri izango dela baieztatu zuten ETSko kideek. Egun, lehen Azoka zenean ari dira urbanizazio lanak egiten, eta hori bukatu ondoren Eskalantegi kaleraino doan zatia egiteari ekingo diote beharginek. Zehaztapen tekniko bat eman zuten ETSko kideek: metro izaera izango du topoak. Azaldu zutenez, trenek 10 minututik beherako maiztasuna dutenean, metro izatera pasatzen dira horiek lur azpitik joan ala ez. Geltokia martxan denean zazpi minutu eta erdiro joan ahalko dira topoz edo metroz herritarrak, hasiera batean, Donostia aldera.
Azalpenak jasota, horien gaineko solasaldien eta balorazioen txanda iritsi zen ondoren, jada kaskoak eta txalekoak kenduta.
Jarraian, Egoitz segura antxotarrak HITZAra bidalitako argazkiak ikusteko aukera. Garbi ikus daiteke horietan zertan diren geltoki berriaren lanak.
