Donibaneko saneamendu proiektuaren egoera jendaurrean da
Saneamendu proiektuaren berri emateko, udalak batzar ireki bat egin zuen asteartean barrutiko bizilagunekin. Saiora 60 lagun bertaratu ziren.
Donibaneko saneamendu proiektuaren berri emateko, Pasaiako Udalak batzar ireki bat egin zuen asteartean barrutiko bizilagunekin. Saiora 60 lagun inguru bertaratu ziren, eta balorazio “oso positiboa” egin du udalak, “herritarrekin sustatu nahi den bertatik bertarako eta etengabeko harremanerako beste urrats garrantzitsu bat izan zelako”.
Saioaren helburuak saneamendu proiektuak azken urteetan izan duen bilakaera herritarrei azaltzea, zalantzak argitzea eta hurrengo urratsen inguruan elkarrizketa partekatua sustatzea izan dira, “inplikatutako alde guztien ardurak eta zereginak mahai gainean jarriz”.
Udal ordezkari gisa Aintzane Taberna Donibaneko alkateordea, Iraitz Pazos Hirigintzako, Ingurumeneko eta Zerbitzuetako zinegotzia, Joxe Mitxelena Zerbitzu, Sare eta Mantentze lanen saileko arduradun teknikoa eta Maitane Barrenetxea Partaidetza teknikaria izan ziren astearteko saioan.
Kronologia
Pazosek proiektuaren kronologiaren errepaso zehatza egin zuen, gogoraraziz 2009ko lehen proiektutik gaur egungora arteko ibilbidea “luzea eta konplexua” izan dela, “bizilagunek merezi dutena baino luzeagoa”. 2021eko urrian saneamenduaren aurreproiektua publikoki aurkeztu zen. 2023ko apirilean Gipuzkoako Foru Aldundiak Bonantza-Santiago plaza zatiko eraikuntza proiektua onetsi zuen, baina 2025ean, baloratu zen egokiagoa zela obrak Bizkaia plazatik hastea. Aurreko planteamendua alde batera utzita, fase horri dagokion proiektu teknikoa garatzeari ekin zitzaion.
Une honetan, Bizkaia plaza inguruko exekuzio proiektua idazketa fasean dagoela jakinarazi zuen Pazosek, eta aldundiak udalari emandako epeen arabera, proiektu horren idazketa maiatzean bukatzea aurreikusia dagoela. Ondoren, proiektua jendaurrean jarriko litzateke alegazioetarako, hitzarmen berria sinatu, udan lanak kontratatu eta udazkenean obrak hasi. Aldundiak diseinatutako kronogramaren arabera, lanak urtea bukatu baino lehen hasiko lirateke.
Gauzak horrela, lehen faseak Juan XXIII kaleko, Bizkaia plazako eta Donibaneko kalearen hasierako eraikinei eragingo die. Horrez gain, jarduketa partikularrek eta bizilagun komunitateek egin beharreko lanek izan ditzaketen ondorio tekniko eta ekonomikoen berri ere eman zuten udal ordezkariek.
Galdera eta ekarpenak
Herritarrek astearteko saioan egindako galderak eta ekarpenak “askotarikoak” izan zirela aitortu du Tabernak: “Lehen faseko obren iraupenari, trafikoan eta aparkalekuetan izango diren eraginei, ponpaketa sistemen ezaugarriei edo euri uren kanalizazioari buruzko xehetasunak eskatu zituzten”. Hurrengo faseei buruzko zalantzak eta proposamenak ere plazaratu ziren, Donibaneko kale zaharrari eragingo dioten esku hartzeak lehenbailehen aurreratzeko eskaria eginez.
“Proiektu hau gehiegi luzatu da, eta horrek sinesgaiztasuna eragin du bizilagunen artean”, adierazi du Donibaneko alkateordeak. Hala ere, nabarmendu du udal gobernuaren borondatea eta lana “etengabeak” izan direla, 20 bilera inguru izan baititu udalak aldundiarekin eta obran inplikatutako beste erakundeekin (Añarbe eta URA), 7 bilkura herritarren plataformekin eta saio publiko ireki bat. “Gardentasunez jokatu dugu eta horrela jarraituko dugu. Gure konpromisoa argia da: lehentasunez obrari ekitea, eta horren garapenaren jarraipen zorrotza egitea, eta gidaritza hartzea, erakunde bakoitzak dagozkion eginkizunak premiaz abia ditzan”, bukatu du Tabernak.
