Energia komunitatearen bigarren saioa, gaur
Aldundiak eta udalak Pasaian energia komunitate bat sortzea bultzatuko dute, herritarrei irekitako hiru saio antolatuta. Bigarrena gaur izango da, San Pedroko Udal Aretoan, 18:30ean.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Energia Eraldaketarako Bulegoaren bidez, Pasaian energia komunitate bat sortzea bultzatuko du, herritarrei irekitako hiru saio antolatuta, Pasaiako Udalarekin lankidetzan. Bigarren saioa gaur (hilaren 5a, osteguna) izango da, 18:30ean, San Pedroko Udal Aretoan.
Pasaitarrei irekitako saioen helburua da informazioa, prestakuntza eta laguntza ematea tokiko energia komunitate bat sortzeko prozesuan, energia eredu bidezkoagoa, parte hartzaileagoa eta jasangarriagoa sustatuz, energia berriztagarrien sorkuntzan eta kontsumo partekatuan oinarrituta. Gaurko saioan energia komunitate bat osatzen duten funtsezko eragileak, eskura dauden finantzaketa aukerak eta bultza daitezkeen proiektuak ezagutzeko aukera egongo da.
