Caixabankek ez du Errenteria-Oreretako familia etxetik botako
Akordioa egin dute familiak eta banketxeak. Stop Kaleratzeak plataformak alkatearen bitartekaritza lana eskertu du.
Larunbatean Caixabanken aurrean egin zen elkarretaratzea. Gaurko (hilak 5, osteguna) zegoen iragarrita Errenteria-Oreretako familia baten etxe kaleratzea Caixabanken partetik. Gipuzkoako Stop Kaleratzeak plataformak jakinarazi du eten egin dela kaleratzea. Banketxearekin zuen zorraren zati bat ordaindu ahal izan du familiak, eta alokairu sozialerako kontratu berria sinatu du. “Plataformak eta familiak Errenteriako alkatearen bitartekaritza lana, eta banketxearen jarrera baikorra eskertu nahi ditugu”.
Egoera zaurgarrian da etxegabetu nahi zuten hiru kideko familia, horietatik bat adingabea. Udalerriko gizarte zerbitzuen txostenak egiaztatzen du zaurgarritasun hori. Ez zen baina agiri hori nahikoa izan Donostiako Lehen Auzialdiko 5. zenbakiko auzitegiko epailearentzat, ez zuen onartu zaurgarritasun izaera, familiako kideetako bati egotzi baitzion NANik gabe bere izen-abizenekin erregistratutako hainbat jabetza izatea Espainian. Hori horrela, joan den urteko uztailaren 15erako ezarri zuen etxe kaleratze data. Ez zen orduan gauzatu, herritarren presioak eta Aizpea Otaegi alkatearen esku hartzeak saihestea lortu baitzuten, eta bankuak hiru hilabetez bertan behera utzi zuen Kaleratzeak Stop plataformak jakinarazi duenaren arabera. Une hartan, epaileak atzera bota zuen Probintzia Auzitegian jarritako berraztertze errekurtsoa.
Etxe kaleratzea eteteko hainbat izan dira Stop Kaleratzeak plataformak eta familiak egindakoak. Errenteriako Udalaren babesa izan dute bide horretan; izan ere, otsaileko udalbatzarrean kaleratzea eragozten ahalegintzeko mozioa onartu zuen udalbatzak EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Errenteriaren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin, eta PPren kontrako botoarekin. Aizpea Otaegi alkateak konpromisoa hartu zuen udalbatzar horretan kaleratzea eteteko ahalegina egingo zuela. Gainera, joan den larunbatean Caixabankek herrian duen bulegoaren aurrean elkarretaratzea egin zuten. “Enrike, Lurdes eta semea etxean geratuko dira”, esan zuten mobilizazioan. Lortu dute.
