HAPO babestuena, jendaurrean
Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria errenteriarrei azaltzeko hainbat ekinbide aktibatuko ditu udalak.
Herriaren ikuspegi orokorra. Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria sendo ari da bidea egiten. Batetik, otsaileko udalbatzarrean kontrako bozkarik gabe aurrera atera zen, eta bestetik Hirigintza Plangintzaren Aholku Batzordearen babesa ere badu. Orain, udalbatzarraren behin-behineko erabakia irmo edo behin betikoa izan dadin urrats bat falta da: herritarren aurrean jarri, haiek ekarpenak egin ditzaten. Hala, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean plan hori argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 45 epea izango dute hala nahi dutenek hori osatzen laguntzeko. Baliatu esteka hau plana bera eta hura egiteko prozesuan sortu diren dokumentuak ikusteko.
Jendaurreko aroa hastearekin batera, plana bera herritarrei azaltzeko hainbat bide zabalduko ditu Errenteriako Udalak, planaren dimentsio publiko eta soziala zer nolakoa den xehetasunez azaltzeko. Bide horretan, hilaren 23tik aurrera Xenpelar Etxean erakusketa zabalik izango da planaren nondik-norakoekin, hiru astez.
“Era berean, udala arlokako bilerak antolatzen ari da. Hain zuzen ere, bihar (ostirala) enpresei zuzendutako lan-saio bat antolatu da, zeinaren helburua baita dokumentu berriak lurzoru industrialari dagokionez dakartzan berrikuntzak partekatzea”, azaldu du udalak
