Eten den lan eskaintza publikoan hizkuntza eskakizunari eusteko eskatu du LABek
Sindikatuaren arabera, lan eskaintzari jarritako helegitea "euskararen normalizazioaren kontra eremu euskarafoboak duen gurutzadan egindako ekimen planifikatu bat gehiago da".
Atzo jakinarazi zuen Errenteriako Udalak, Aizpea Otaegi alkatearen dekretu bidez, bertan behera utzi duela momentuz administrazio arloko 25 lanpostu betetzeko lan eskaintza publikoa (LEP), helegite bat tarteko. LAB sindikatuak uste du udalak bere horretan mantendu behar duela LEPa: “Helegite horri errekurtsoa jartzeaz gain, etorkizunera begira 25 lanpostu horien hizkuntza eskakizunari eusteko eskatzen diogu Errenteriako Udalari”.
LABentzat, LEP horren kontrako helegitea “euskararen normalizazioaren kontra eremu euskarafoboak duen gurutzadan egindako ekimen planifikatu bat gehiago da”. Helegitea aurkeztu duen pertsonaren gaineko iritzia ere eman du sindikatuak: “Lanpostu publikoa duen eta Errenteriako LEPean interesik ez duen langile bat (ez da azterketara aurkeztu) Errenteriako Udaleko Lan Eskaintza Publiko batez baliatu da LEP horren kontrako helegitea aurkezteko”. Horregatik, kasu hau “oso larritzat” eman du sindikatuak, “erakusten baitu eremu euskarafoboak edozein egoera baliatu nahi duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioetan euskararen normalizazioan atzera egiteko eta, juridikoki, egoera gero eta gehiago okertzeko”. LABen iritziz, “estrategia eta plangintza partekatua” dago helegite horren atzean, “ez da kasualitatea kide honek CCOO elikatzen ari den bidearekin bat egitea”.
LABek Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren Euskal Enplegu Publikoaren lege moldaketan euskarari berme legalak emango dizkion erabakiak hartzea galdegin du, administrazioan euskararen normalizazioak aurrera egin dezan: “Euskara gaztelaniaren pare jartzeko exijitzen dugu, ez besterik. Hortaz, LABek EAJ interpelatzen du euskararen kontrako PSE-EE eta CCOO binomioari men egiteari utz diezaion eta euskarari gaztelaniaren pareko eskubideak aitortzeko proposamenarekin bat egin dezan; EH Bilduk egin duen lege proposamenarekin, alegia”.
