Adinekoentzako elkargune bat baino gehiago
Duela urtebete Arramendiperen zuzendaritza hartu zutenetik ia bikoiztu egin dute bazkide kopurua Yolanda Llorentek, Celes Vizcainok, Maria Jesus Alegrek, eta Magdalena Piñeirok.
Alegria, Llorente eta Vizcaino Arramendipe elkartearen aurrean. Duela urtebete hartu zuten Pontikako Arramendipe jubilatuen elkartearen ardura Yolanda Llorentek, Celes Vizcainok eta Maria Jesus Alegrek. Idazkaria, presidentea eta diruzaina dira hurrenez hurren. Laugarren emakume bat ari da hauekin hasieratik lanean, Magdalena Piñeiro —gaixo dagoelako ez zen elkarrizketan izan—. Llorente eta Piñeiro auzokoak dira; Vizcaino eta Alegre ez, baina bertara joaten ziren aurretik gimnasia egitera. Pandemiarekin batera gainbehera hasi zuen erretiratuen elkarteak, taberna itxi behar izan zuten, eta horrekin batera, inoiz izan dituen 300 bazkidetik gorako asko-askok baja eman zuten, «50 izatera heldu ginen», azaldu dute hiru emakumeek. Tabernarik gabe urteetan, gutxi ziren bazkide egitera animatzen ziren 60 urtetik gorako bizilagunak, hori baita bazkide izateko baldintza kuota ordaintzearekin batera, eta iaz elkartearen gaineko erabaki bat hartzeko batzarra egin zuten auzoan.
«Inor ez zegoen prest hartzeko, eta gu animatu egin ginen», esan du Vizcainok, «une hartan ez genekien zertan sartzen ari ginen, baina elkartea berpiztu eta aurrera ateratzeko gogoak batu gintuen». Urtebete geroago, taberna martxan jarri berria du Arramendipek, eta bazkide kopurua ia bikoiztu egin dute, «87 bazkide inguru ditugu gaur egun, eta gure helburua kopuru hori bikoiztea da». Oso pozik daude, ez dute-eta lan makala egin, 20 egun iraungo zutenik zalantzan jarri zuenik ere izan zen; haiei erakutsi diete irauteaz gain, egoera iraultzeko ere gai izaten ari direla: «Pozik gaude lortzen ari garenarekin eta taberna zabaldu izanak jende gehiago gerturatzea ekarriko duen itxaropena dugu. 09:00etatik 21:00etara dago zabalik taberna eta hamar egunean aldaketa handia ikusten ari gara».
Hunkitu egin da Llorente, bera aurretik ere aritua zelako elkartean, eta azken lau urtean jo eta su aritu delako Arramendipe elkarteak ateak itxi ez zitzan, «laguntza handia eman didate biek, eta bide onetik goaz».
Elkargune bat baino gehiago
Ez da ohikoa, tamalez, emakumeak aritzea zuzendaritzetan elkarteetan, eta Arrimendiperen kasuan lau emakume ari dira egoitzaren kudeaketan. Elkargune bat da erretiratuen elkartea, baino hortik harago doala jarri dute nabarmen hiru emakumeek. «Nahiko genuke bakarrik dagoen edo sentitzen den jende horrengana guztiarengana heldu eta elkartera gerturatzea. Finean, hemen taberna dugu, jarduerak antolatzen dira, hitzaldiak ere egiten ditugu, baina batez ere sareak sortu eta elkarrekin egoteko espazioa da».
Erretiratuen elkarteak, eta hortaz baita Arramendipe ere, hautatua ez den bakardadea apurtzeko tresnatzat jo dituzte, eta betetzen duten funtzio hori aintzatetsi. «Jakin badakigu badela jendea auzoan ez dena ateratzen. Pandemiak min handia eman zuen, eta elkartean leku bat dago denbora partekatzeko, sozializatzeko», esan du Llorentek. Harago jo du Arramendipeko idazkariak, eta Pontika zahartzen ari den auzoa dela esan du, «jende gaztea dator, auzo atsegina, segurua eta haurrentzako oso egokia delako, baina jende heldu asko-asko gaude bertan». Adinduentzako espazio atseginen beharra defendatu du Alegrek: «Hala ere, esango nuke gaztetzeko bidea hasi duela auzoak, eta orain, Barandiaran parke berria egiten dutenean, uste dut jende gazte gehiago gerturatuko dela».
Elkartea erabiltzeko bazkide izan behar da, eta horretarako kuota ordaindu. Aurten asko murriztu dute. «30 euro balio zuen iaz, eta aurten 15 eurora jaitsi dugu bazkide kuota; ahal badugu, oraindik ere gehiago merkatu nahi dugu».
Arramendipe elkarteko bazkide egitera deitu dituzte bizilagunak, Pontikakoak, zein beste auzoetakoak, «gurea auzo alaia da, bizitza ikaragarria du, eta gu hoberenak gara». Elkartea bera indarberritzea ezinbestekoa jo dute, horretan ari dira, baina auzotarren erantzuna ezinbestekoa dute horretarako: «Aukera asko dago bertan, urte betean aurrera atera dugu, eta bazkide ez zen jende ugari gerturatu zaigu taberna berriro zabalik dagoenetik. Lanean eta borrokan ari gara hau aurrera ateratzeko».
Adinekoak etxetik ateratzeko deia
Jendea etxetik ateratzera animatu du Alegrek, «bizitza dago, eta gozatu egin behar da. Elkarteak horretarako aukera ematen du». Bazkidetzen direnek, gainera, oparia jaso dute, elkartearen izena duen poltsa. Une honetan tabernak edatekoak eta pintxoak eskaintzen ditu, baina auzoak harrera polita egin diola esan dute: «Auzoko beste tabernekin batera hasi da pintxo potea egiten asteazkenetan. Asko nabaritu da, eta jubilatuen elkartea izanik, merkeagoa da bertan kontsumitzea».
Erretiratuen egoitzen garrantzia berriro nabarmen jarri du Llorentek: «Bakardadeari aurre egiten laguntzen dute. Etxean denbora asko ematen duen jendeak aterabidea izan dezan nahi dugu, sozializatzeko aukera dutelako bertan, eta funtzio hori betetzen du gure elkarteak ere. Adinekoa izatea ez da oztopo izatearen sinonimo».
Une honetan memoria saioak, eskulanak, gimnasia eta pilates ematen dituzte elkartean. «Gimnasia da erantzun handiena duena, baina besteetan ere erantzuna ona izaten ari da. Bingoa ere bi egunetan egiten dugu, astearte eta ostegunetan». Horietan parte hartzeko 60 urtetik gorakoa izan behar da, eta bazkidetuta egon.
