Finiren Txokoa, Fini Rubiok Pasaiari utzitako legatua
Pasaiako Udalak Finiren Txokoa eguneko zentroa ireki du Antxon. Gunea Fini Rubio zenaren herentziari esker egin ahal izan da. Begoña Garmendiak Rubioren bizitzaren erradiografia egin du.
Pasaiako Udalak Gizarte Ekintzako baliabide berri bat ireki du Antxoko Eskalantegi kaleko 53. zenbakian. Gune horrek Finiren Txokoa du izena, eta egoera ahulean, hauskorrean edota mendekotasun moderatuan dauden 60 urtetik gorako pasaitarrei begirako eguneko zentro bat da. Udalaren helburua da bakardadeari eta hauskortasunari komunitatetik erantzutea. Finiren Txokoa otsailaren 10etik dago funtzionamenduan, eta hil bereko 24an egin zuten inaugurazio ofiziala udalak eta zentroko erabiltzaileek. Gune berri horri esker, Fini Rubioren izena pasaitar guztien ahotan izan da azken asteetan; baina, nor izan zen Fini Rubio?
Josefina Rubio Tio Valladoliden jaio zen, 1945ean. Begoña Garmendia Vazquez Fini Rubioren laguna izan zen, eta hura izan da herentziaren albazeetako bat. Bi emakumeak 1970eko hamarkadaren bukaeran ezagutu ziren, feminismo abertzalearen militantzian, eta oso harreman estua izan zuten. Garmendiaren hitzetan, Rubio «emakume feminista, ezkertiarra, jakintsua, bitala eta zorrotza» izan zen. Bere aita 1927ko belaunaldiko estatu mailako Zuzenbide katedradun gazteena izan zen. Garai hartan ikasleen erresidentzian egon zen, Federico Garcia Lorca, Luis Buñuel edo Salvador Dalirekin batera. Garmendiak adierazi du aitarengandik jaso zuela jarduera intelektuala.
Rubiok Soziologiako eta Zientzia Politikoko ikasketak egin zituen Madrilen. Unibertsitatean zegoela, Frankismoaren aurkako mugimenduetan aritu zen. Beka bati esker, AEBetara joan zen, eta aukera izan zuen mugimendu feminista ezkertiarra gertutik ezagutzeko eta bertako oinarrietan murgiltzeko. Ikasketak bukatu ondoren, Emakumeen Askapenerako Frontea eratu zuen Madrilen beste emakume batzuekin batera, 1975ean. Garmendiak jakinarazi du «emakumearen zapalkuntzaren eta klase zapalkuntzaren arteko harremana aztertu zutela», eta «gizarteak sozialista izan behar bazuen, ez patriarkala ere izan behar zuela». Tribuna feminista editorialaren sortzaileetako bat ere izan zen. Trantsizioan pentsamendu feministaren difusioan eragiteko sortu zuten espazio hori. «Emakume konprometitua izan zen bizitza osoan», esan du Garmendiak.
Madrilen Antxon Ezeiza Sansinenea zinemagile donostiarra ezagutu zuen, eta bizitza osoa eman zuten elkarrekin. Bitan erbestean izan ziren, eta 1978an Euskal Herrira itzuli ziren. Garai hartan ezker abertzaleko KAS erakundean murgildu zen. Erakunde horretan Rubiok «hutsune bat» antzeman zuela baietsi du Garmendiak. Hutsune hori eredu «ez patriarkalarena» zela jakinarazi du Rubioren kideak, eta defendatu zuen «ezker abertzaleak erakunde feminista bat izan behar zuela». Horrez gain, Garmendiak adierazi du Rubio izan zela Euskal Herrian zapalkuntza hirukoitzaren teorizazioa gauzatu zuen emakumea: «Zapalkuntza emakume, langile eta euskaldun gisa».
1979an, KASeko emakumeak, Rubio eta Garmendia tarteko, Granadan egindako jardunaldi feministetan izan ziren. Topaketa hartan, mugimendu feministaren korronte nagusienak azaleratu zirela kontatu du Garmendiak. Haien aldarrikapena argia zen: «Guk mugimendu feministaren autonomia aldarrikatzen genuen, baina aldi berean, klase borroka, emakumeen zapalkuntzaren aurkako borroka eta nazio borroka aldarrikatu genituen».
Rubio, gainera, «ikertzaile nekaezina» izan zela nabarmendu du Garmendiak. Rubiok asko idazten zuen, eta Martxoaren 8aren jatorriaren inguruko ikerketa historiko sakon bat egin zuen. Borroka sufragistarekin lotu zuen emakumeen borroka, eta Garmendiak zehaztu du Rubiok lotura egin zuela «sufragisten sektorearekin eta emakume langileekin». Irakaslea ere izan zen Euskal Herriko, Pauko eta Tolosako (Okzitania, Frantzia) unibertsitateetan.
Fini Rubioren herentzia
2011n Antxon, bere bikotea, hil zen. Ondoren, Rubio gaixotu egin zen, eta 2016an zendu zen. Garmendiak jakinarazi du Rubiok oso garbi zuela bere ondasunak «onura sozialera» bideratuko zituela. Rubio soziologoa zen, eta «bere argitasunaren» barruan hausnartzen hasi zen nora igorri bere ondasunak. Alternatiba ezberdinak aztertu ondoren, erabaki zuen ondasunak «bakardadean bizi ziren pertsonei eta batez ere baliabide ekonomikorik ez zutenei» bideratuko zizkiela. Rubio Donostian bizi zen, eta Gipuzkoako tamaina ertaineko udalen artean errenta baxuenak zituztenak identifikatu zituen. Herriak eta errentak aztertu ondoren, Pasaiako, Errenteriako, Andoaingo eta Hernaniko udalak bere ondasun eta eskubideen zati baten jaraunsle izendatu zituen, 2015ean. Pasaiari 939.066,41 euro egokitu zitzaizkion, eta dohaintza horri esker jarri da martxan Finiren Txokoa. Udalak 300 metro koadroko Eskalantegiko lokala erosi zuen 2022an, eta ekipatu egin du eguneko zentroa errealitate izateko.
Garmendiak baietsi du «alderdi humanoa» oso garrantzitsua izan zela Rubioren bizitzan, eta uste du Fini «oso pozik» egongo litzatekeela gune berriarekin: «Finik oso argi zeukan ez zuela soilik adreiluzko zerbait izatea nahi, berak zerbitzu bat eskaini nahi zuen. Finiren Txokoan zerbitzua eskaintzeko espazio bat prestatu da». Garmendiak berak onartu du «asko hunkitu» duela lekuak, Rubioren presentzia hainbat lekutan ikus baitaiteke. Udal ordezkari eta zentroko erabiltzaileekin batera izan zen Garmendia otsailaren 24ko inaugurazio ekitaldian, eta Finiren Txokoa ezagutu ondoren, hitz hunkigarri batzuekin itxi zuen bere diskurtsoa: «Finiren eta Antxonen errautsak jaso zituzten Larraulgo belardiak gaur loratu egin dira, zalantzarik gabe».
Gunea martxan da jada, eta bakardadeari eta hauskortasunari komunitatetik erantzungo diote Pasaian, Fini Rubiori esker.
