LEPa eteteko erabakia kritikatu du PSE-EEk
Gobernu taldeak deialdiko lanpostu guztietarako hizkuntz eskakizuna ezartzea "arduragabea" jo dute sozialistek, haien esanetan, ez dituelako gaiaren inguruan epaitegiak ebazten ari direnak aintzat hartu.
Isaac Palencia, Almudena de La Torre eta Alberto Muñagorrirekin batera PSE-EEren egoitzan artxiboko irudi batean. Errenteriako Udalak deitua zuen 25 lanpostuko LEP Lan Eskeintza Publikoa bertan behera utzi du Errenteriako alkate Aizpea Otaegiren dekretu bidez. Deialdi horretan, 25 udal administrari plaza betetzeko C1 edo hirugarren hizkuntza eskakizuna eskatzen zien udalak hautagaiei betekizun gisa, eta horren aurkako administrazio errekurtsoa aurkeztu dute. Hau da, errekurtsoa lanpostuetan betekizun gisa eskatzen den hizkuntz eskakizunari buruzkoa da.
800 pertsonatik gora aurkeztu dira deialdi publikora hautaketa prozeduran parte hartzeko.
Erabaki horri erantzun dio gaur Errenteriako PSE-EEk, prentsa ohar bidez. Oso kritiko azaldu da alderdi sozialista LEP Lan Eskaintza Publikoa bertan behera uzteko erabakiarekin eta gainera, udala bera zein deialdian izena emandakoak kaltetu dituen “ziurgabetasun juridikoa” sortzea egotzi dio EH Bilduri.
Egoeraren ardura udalari leporatu diote sozialistek, “izan ere, lanpostu guztietarako hizkuntz eskakizuna inposatu du epaitegietan gaiaren inguruan hartzen ari diren ebazpenak aintzat hartu gabe. Epaitegiak derrigorrezko hizkuntz eskakizun orokortuak zalantzan jartzen ari dira gero eta maizago deialdi publikoetan. Hori horrela gobernu taldea dogmatismo eta zuhurtziagabekeriaz jokatu duela uste dugu”.
Administrarien LEPa “beharrezkoa” jo du alderdi sozialistak, “urteak darama beharrezkoa ziaten herritarrentzat zein udal funtzionamenduarentzat”.
Deialdi publikora aurkeztutako 800 pertsonak hizpide izan ditu, bestalde, alderdi sozialistak. Udalak hartu duen erabakia, “injustua” dela haiekiko adierazi du: “EH Bilduren hizkuntz inposizioak LEPa bertan behera uztea ekarri du, 800 pertsona ezjakintasunean izatea, eta udalak beharrezkoak dituen 25 administrari lanpostu estali gabe izatea”.
Horren ostean, berriz, administrazioan euskararen sustapena eta normalizazioa babesten duela esan du alderdi sozialistak, “baian ezin da defentsa hori egin legeei erreparatu gabe edota aukeraketa prozesuak zalantzan jarrita. Euskarak politika serioak behar ditu, arduratsuak, eta legearekin bat datozenak. Inposizioa ideologikotik ekiten denean, segurtasun juridikorik gabe, lortzen den bakara bizitzen ari garen bezalako egoera da”.
Bukatzeko, udal gobernuari udal LEP Lan Eskaintza Publikoen prozeduretako “hizkuntz eskakizunen politika zuzen dezala” eskatu dio.
