Askoren artean sortutako mahaia, askorentzat
Martxoaren 8ko egitarauaren barruan Lezoko Berdintasun Kontseiluaren aurkezpena egingo dute hilaren 11ko arratsaldean. Herriko mugimendu feministaren eskaera historikoa zen mahaia sortzea.
Iazko Martxoaren 8ko manifestazioa. Lezoko Udalak eta Lezoko Berdintasun Kontseilua osatzeko prozesuan parte hartu duten eragile eta herritarrek Martxoaren 8aren harirako egitaraua osatu, eta aurkeztu dute. Emakumeen Egunetik harago doa ekitaldien zerrenda. Jardueren artean nabarmentzekoa da jada Lezoko Berdintasun Kontseilua osatzeko bidea bukatu dela, eta hilaren 11n (osteguna) aurkeztuko dutela jendaurrean mahai hori, 18:00etan, Kultura Aretoan. Urtebeteko sortze prozesua izan du kontseiluak. Labean lasai ondo dute, askoren artean.
Udalak eta herriko hainbat talde zein norbanakoren elkarlanaren emaitza izan da urte luzez herriko mugimendu feministak bere eskaeren agendan zuen mahaia eta kontseilua sortzea. Bilgunearen helburuak: berdintasunaren alde apustu egiten duten pertsonen eta eragile sozialen sarea sortzea; emakumeen parte hartzea sustatzea; eta emakumeen parte hartze sozial eta politikoaren defizitari aurre egitea eta euren herritartasun aktiboa indartzea, talde feministen eta emakume taldeen lanaren aitortza egiteko. Kontseiluaren lanaren emaitza izan dira Martxoaren 8aren harira antolatutako ekitaldi eta ekintzak, «hausnarketa, aldarrikapena eta elkartasuna bultzatzeko» dira jarduera horiek, udalaren arabera.
Eneritz Arruti Lezoko Udaleko Berdintasun zinegotziaren arabera, urtebeteko sortze prozesua mamitsua izan da, herriko emakumeen eta eragileen arteko saretze lana eskatu duelako. «Koordinazioa egin behar izan da, emakumeen eta eragileen artekoa. Lanerako oinarriak ezarri dira. Bazegoen lana, eta uste dut poliki baina ondo egin den lan bat egin dela. Oinarri sendoak jarri ditugu. Berdintasunerako, emakumeen ahalduntzerako eta aldarrikapenerako baliabideak jada baditugu mahaiaren gainean», esan du.
Prozesua hasiera batean udalaren eta herriko eragileen ekimenez abiatu zen. Ondorenera Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin bideratu zen prozesua, eta horrek lanketa erraztu zuela adierazi du Arrutik. «Kontseiluak herrira begira egingo du lan. Baina udalarekin komunikazioa izango du, Berdintasun Plana duelako udalak adibidez, eta hori aurrera eramateko jarraipena egingo du. Mahaitik ere proposamenak egingo zaizkio udalari, eta horien egikaritzea nola doan gainbegiratuko du».
Oinarri zehatzak
Lezoko Berdintasun Kontseilua urtean ohiko deialdien bidez lautan-edo bilduko dela jakinarazi du Berdintasun zinegotziak; ezohiko bilkurak ere egin ditzake sor daitezkeen egoerek hala eskatzen badute. Edonola ere, gaur arte iristeko prozesuari balioa eman dio Arrutik, «adostasun maila handia izan da. Asko hitz egin dugu, gogoetarako eremu ere izan da prozesua».
Araudi eta funtzionamendurako oinarri zehatzak ditu kontseiluak. Horren arabera, herrian berdintasun politika koordinatu eta planifikatuak egiteko espazioa sortu dute. Gainera, emakumeen ahalduntzea eta protagonismoa sustatzeko baliagarri izango diren jarduera eta ekintzak proposatuko dira mahairen bidez, emakumeak eta eragileak saretzeko. «Egun seinalatuen gaineko lanketa bereziak ere egingo dira, Martxoaren 8ari begirakoak adibidez. Baina harago joango da kontseiluaren egitekoa, hala izan behar du».
Arrutik behetik gorako prozesua izan dela azaldu du. Herritarren bilgune batetik abiatu delako prozesu osoa, haien hitza eta iritzia jasoa izan delako herriak hutsuneen artean zuen mahaia osatzeko. «Udala eta elkarte nahiz pertsona ezberdinak elkarlanean aritzea oso aberasgarria izan da prozesuan, eta hala izango da kontseiluan ere bai. Egun ditugun tresnak baino eraginkorragoak izango dira kontseilutik aterako diren ideia, proposamen eta lanketak».
Irekia da kontseiluaren parte izatea. Lezoar orori zabalik da. Horri atxikitzeko eskaera orri bat bete behar dute hala nahi dutenek. Espazio zabala dela hilaren 11n egingo den aurkezpenean adieraziko dute, askoren artean egindakoa dela, askorentzat. Gainera, kontseilua sortzeko zereginean izan direnek gonbita egin diete herritarrei Martxoaren 8aren harira antolatutakoetan parte hartzeko.
Martxoak 8 Lezon. Ekitaldiak.
Hilak 6, ostirala
- 19:00etan, Kuadrillategiko gazteekin, sentsibilizazio saioa Iruntzen Lezoko Emakume Taldearekin.
- 21:30ean, Ibai Ondon, bertso afari feminista Ekhiñe Zapiain eta Amaia Agirrerekin. Sarrerak 20 euroan Txingurrin eta Tiñelun.
Hilak 7, larunbata
- 12:00etan, Koldobike Gezala pilotalekuan, emakumeen esku pilota erakustaldia (Maialen Pikabearekin eta Irati Lobeterekin).
- 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Ez gara alferrik pasako dokumentala.
Hilak 8, Emakumeen Eguna.
- 12:00etan, manifestazioa Gurutze Santuaren plazatik.
- 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Esne berriketan bertso saio literarioa Uxue Alberdi eta Amoranterekin.
Hilak 11, asteazkena
- 18:00etan, Kultura Aretoan, Lezoko Berdintasun Kontseiluaren aurkezpena.
Hilak 13, ostirala
- 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Ongi etorri helduentzat ipuin kontaketa.
Hilak 15, igandea
- 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Adelaida bikotearen kontzertua.
Hilak 25, asteazkena
- 18:00etan, Kultura Aretoan, Salaketatik harago: presioak, aukerak eta biktimen erabakiak hitzaldia.
