Martxoaren 8aren harira, aldarrikapena eta festa mahaiaren bueltan
350 emakume bildu dira mahaiaren bueltara auzoetako emakume elkarteek antolatutako bazkarian. Merkatuzarren aldarrikapenak eta festak egin dute bat, aurten ere.
350 emakume elkartu dira Martxoaren 8aren harirako bazkarian. Garrantzitsua da sarea jostea, ahalik eta zabalena. Jostea bezain garrantzitsua, ikusaraztea, espazio gero eta zabalagoak hartzea, gero eta emakume gehiagorengana heltzeko. Sarea baldin badago, komunitatea dago eta komunitatea, babesa, eta elkar zaintzaren sinonimo da; nia gu bihurtzen duen eremua.
Merkatuzarrek hori erakutsi du gaur, 350 emakume elkarrekin Martxoaren 8aren harira mahaiaren bueltan. Elkarrizketan, sarea josten, bakardadeak ezabatu eta komunitatea egiten. Denak emakumeak, baina askotarikoak jatorriak, hasi auzoetako emakumeen elkarteetatik—beraiek antolatzen dute urtero bazkari hori— segi mugimendu feministako kideekin, eta buka udal ordezkariekin. 350 emakume udalerri eta mundu berdinzaleago bat eskatzen, eta eskatu ahala egiten, urrats txikiekin, emakume denak, nonahi, uneoro aske izan daitezen.
