Ostiralero, Kunkana bulegoa
Lezoko Energia Berriztagarrien Komunitateak informazioa zuzenean emateko baliabidea herritarren eskura jarri du, Kunkana Bulegoa.
Kultura Aretoan jarriko dute ostiral arratsaldero Kunkanaren bulegoa. Kunkana Lezoko Energia Berriztagarrien Komunitatea ez da geldirik. Horren erakusle atzo bertan (hilak 6, ostirala) aktibatu zuten egitasmoa: Kunkana bulegoa. Eragileari buruz informazioa zuzen-zuzenean jasotzeko baliabidea izango da, baita oro har autokontsumo instalazioen eta energia berriztagarrien gaineko informazioa emateko ere. Ostiralero izango dira komunitateko kideak herritarren zain Kultura Aretoko bulegoan, 17:00etatik 19:00etara.
Besteak beste, Pasaia-Lezo Lizeoko instalazio fotovoltaikoaren berri emango dute bulegoa zabalik den orduetan hala nahi dutenei. Udaberri aldera izango da lezoarrei energia ematen instalazio hori, eta hori baliatu nahi dutenek Kunkanaren bazkide egin behar dute. Gainera, komunitateko kideek jakinarazi dute autokontsumo instalazio bateko partaide diren herritarrek %25 eta %50 arteko hobaria izan dezaketela Lezoko Udalaren Ondasun Higiezinen Zergan (IBI), hiru urtez, eskaera onartua izandako urtea barne dela.
“Bertan izango gaituzue behar duzuenerako”, esan dute Kunkanakoek. Bulegora joan asmo dutenei aurrez txanda hartzeko eskatu diete. Kunkanaren web atariaren bidez eska daiteke hitzordua.
