Amiantoak gaixotuta, Lanerako Ezintasun Iraunkorra eskatu du Paisako langile ohi batek
Donostiako Gizarte Arloko lehenengo aretoak aztertuko du bihar 10:30ean hasita kaltetuak epaitegietan aurkeztutako demanda Lanerako Ezintasun Iraunkorra onar diezaion.
2024an egindako elkarretaratze bat. Dozenaka dira zituen arriskuen berri izan gabe amiantoarekin urtetan lanean aritu ziren beharginak. Isilean egiten du eraso amiantoak, oharkabean, eta urteak eta urteak pasata azaltzen dira ondorio larriak. Hala gertatu zaio Manuel C.M pasaitarrari. Biriketako minbizia diagnostikatu zioten 2024ko urtarrilean, 1978 eta 1987 artean Errenteria-Oreretako Productos Aislante Paisa enpresan lan egin ostean. Paisa, ERT Explosivos Rio Tinto bihurtu zen gero, eta ERCROSS azkenik.
Enpresaren sekzio guztietan aritu zen lanean, eta bereziki, bolanteen sekzioan. Ondoren JM Berasarti Ayerdi enpresan aritu zen lanean, eta horren bitartez Cementos Rezolan aritu zen lanak egiten.
Duela bi urte biriketako minbizia diagnostikatuta amiantoarekin lanean aritutako langileen fitxategian txertatu zuen OSALANek, eta laneko gaixotasunagatik Lanerako Ezintasun Iraunkorra eskatu zuen. INSS Gizarte Segurantzako Espainiako Institutuak ez zion eskaera onartu, “amiantoarekin harremanetan izan dela frogatuta gelditu ez delako”.
Demanda aurkeztu du orain, eta bihar, asteartea Donostiako Gizarte Arloko lehen aretoak aztertuko du Lan Ezintasun Iraunkor eskaera hori 10:30ean hasiko den epaiketan. Asviamek, Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteak azaldu du, Paisa eta beste enpresetan amiantoarekin kontaktuan urteetan izan ostean heldu dela kaltetuaren demanda epaitegira, eta INSS Gizarte Segurantzako Espainiako Institutuari amiantoagatik sortutako gaitzen diagnostikoaren zuzentarauak betetzen has dadila galdegin dio: “amiantoagatik gaixotasunak oztopatzeari utz diezaiola eskatzen diogu, eta sustantzia kantzerigenoen gaineko segurtasun neurriak exiji ditzan enpresetan”.
Kaltetuak egindako lanaren gaineko xehetasun gehiago eman ditu Asviame elkarteak. Hala, Paisako bolanteen sekzioan, solairu diafano batean aritu zela, Bakelita sekziotik eta plastiko injekzio makinetatik zotzi metrora azaldu du, “epaitegietako ebazpen ugarik baieztatu dute lantegi horretan amianto urdina erabiltzen zela autoentzako plastikozko piezak ekoizteko. Hori guztia, amiantoa irentsi eta arnastea ekiditeko babes neurririk hartu gabe, lege eskaerak urratuta. Langile asko-asko gaixotu dira biriketako gaitzekin”.
JM Berasarti Ayerdi enpresari buruz ere mintzatu da Asviame, “horretan lanean zela joaten zen Cementos Rezolara zementuaren pasabideko konporten mantenua egitera; amiantoz estaliak zeuden konporta horiek”.
Elkarretaratzea epaitegi aurrean
Epaiketaren harira, eta kaltetuari sostengua erakusteko, elkarretaratzea egingo du bihar Asviame elkarteak epaitegi aurrean. Deialdia 10:00etarako egin du eta ordu erdi izango dira protestan. “Elkarretaratzearekin minbizi profesionalaren errekonozimendua oztopatzeari uzteko exijituko diogu INSSi, eta halaber, enpresei neurri zorrotzak ezartzeko eskatuko diegu lan arloan izan daitezkeen sustantzia kantzerigenoei aurre egiteko. Izan ere biriketako minbizia ikaragarri areagotzen ari da”.
