Bigarrena ere handia izango da
'Disko Band' emanaldia antolatu du bigarrenez EMKE Musika Bandak Iker Rodriguez DJarekin elkarlanean. Larunbatean izango da Lekuona Fabrikako Sorlekuan.
Ezkerretik eskuinera Segura, Otaegi, Aierdi, Mitxelena eta Cruz. “Zoragarria da bigarren aldiz Disko Band emanaldia antolatu izana”. Josu Mitxelena EMKE Musika Bandaren lehendakariaren hitzak dira horiek. Gaur aurkeztu dute 2024ko urrian egin zuten Disko Band kontzertuaren bigarren ekitaldia izango dena. Larunbatean, hilak 14, izango da 18:00etan hasita. Proiektuaren atzean, lan ikaragarria, baina batez ere ilusioa eta ausardia. Izan ere, berea ez den erregistro batean jarriko da musika banda osorik, bigarrenez, sortu eta berrasmatzeko apustuarekin bat eginda.
Mitxelenarekin batera, Alain Aierdi bandako zuzendaria, Aizpea Otaegi alkatea eta Karmele Segura Laboral Kutxako komunikazio arduraduna.
Urtero errepikatuko ote duten ez dakiela esan du Mitxelenak, “lan handia suposatzen duelako, muntaketa lana itzela da, eta formatuak erretzen direlako errepikatzearekin. Hala ere, noizean behin errepikatu daiteke, ikusi dugulako jendeak nahi duela”. Horren erakusle garbia, larunbateko emanaldirako dauden 800 sarreretatik dagoeneko 675 saldu dituztela.
Errenteriako Musika Banda eta Iker Rodriguez DJa elkartuko ditu emanaldiak berriro Lekuona Fabrikan, eta horiekin batera hiru abeslari, gitarra elektrikoa, baxua, teklatuak eta perkusioa, “Samantha Moon, Julen Morgado, eta Jon Imanol Etxabe izango dira abeslariak, eta Ritxi Salaberria baxu elektrikoarekin, Imanol Iribarren teklatuarekin, eta Xanet Arozena gitarra elektrikoarekin ariko dira oholtza gainean. Halako jendea gurekin batera aritzea ikaragarria da, eta hori posible bada, musika bandak duen kalitatearengatik da”.
Aipamen berezia Mitxelenak, Alain Aierdi zuzendari artistikoari eta Javi Cruz udaleko argi eta soinu teknikariari, “gure ekitaldi ia guztietan bera aritzen da muntaketa lanetan eta ia partaide izatera ere iristen da duen inplikazioarengatik, proiektu barrukoa sentitzen dugu”. Aipamena ere Angel Brizi, “partiturak moldatu dizkigu emanaldi honetarako, baina baita urtean zehar beste batzuetarako ere. Musikari bikaina da, oso gustura gaude bere lanarekin”.
Aierdik hartu du lekukoa, eta berak ere Brizi esker ona, “bere lana gabe ezinezkoa litzateke horrelako ekitaldi bat egitea, oso garrantzitsua baita idatzizko musika ona izatea. Horretan hilabeteak ematen ditugu; musika bilatzen eta ez badugu aurkitzen, sortzen. Briz musikari oso ona da, eta oso gertukoa”.
Iker Rodriguez DJari ere esker ona Aierdik, “hura gabe Disko Band ez litzatekeelako existituko; hari esker sortu zen. Harentzat ametsa da proiektua”. Bandaren lanari ere aipamena egin dio zuzendariak, “beti ikaragarri inplikatzen da halako proiektuetan musikari taldea baina aurten gehiago oraindik. Duela urte eta erdi lehen aldiz egin genuenean proba izan zen, esperimentua, eta emaitza ona izan zuen. Aurten pausu bat aurrera egin dugu, elektronika dezente sartuko dugu, perkusio jotzaileek lan ikaragarria egin dute. Guk beti akustikoan jotzen dugu eta niretzako pausu ikaragarria da hori”.
Errepertorioari begira ere jarri da Aierdi, eta 20 pieza izango direla interpretatuko dituztenak emanaldian barrena azaldu du, “emanaldia ordu eta erditik pasako dela uste dut; erdia berri-berria da guretzat eta lehenengo aldiz entzungo dute bertaratzen diren entzuleek. Betetzea espero dut eta gozatzea egingo dugunarekin”.
Karmele Segura Laboral Kutxako komunikazio arduradunak haientzat “ohorea” dela Lekuonan izatea esan du, “urteak daramagu elkarlanean bandarekin, baina halako proiektu berritzaileak garrantzitsuak dira. Lerrokatzen da betiko musikarekin, gaur egungo musikarekin eta bertako artistekin eta hori garrantzitsua da halako pieza berriak egitea, musikari sortzaileengatik ere apustu egitea, baita udalarekin elkarlana ere. Proiektu honen indarra bermatzen du horrek guztiak”.
Bertako kultura sustatzea eta merezi duen garrantzia ematea oinarrian jarri ditu Segurak, bestalde, “kulturaren bidez, komunitatea sortzen dugulako. Gure entitateak oso barneratuta du hori, garrantzi handia ematen dio, eta halako proiektuak dauden bitartean guk apustua egingo dugu kulturagatik, eta herriko kulturagatik gehienbat”.
Aizpea Otaegi alkateak hartu du azkenik hitza. Herrian den kultur ehunaren gaineko harrotasuna adierazi du, “sortzaileez, kultur eragilez eta herriari ematen dioten guztiaz oso harro gaude, asko delako ematen diguzuena. Bereziki pozten nau herriko sortzaileak elkarlanean ikusten ditudanean, uste baitut bakoitzak bere kaxa duenaz haragoko ekarpen bat egiten digutela normalean. Hau bada horren adibide ere, nork pentsatuko zuen banda bat eta dj bat elkarrekin jardungo zirenik eta horrela egingo zutela”.
Duela bi urtekora “sekulako jakin minarekin eta ikusmirarekin” bertaratu zirela Lekuona Fabrikara gaineratu du, “eta sekulakoa izan zen”.
Elkarlanak beti direla zoragarriak ere esan du alkateak, “gero konexio inprobable horiek, bistakoak ez diren konexio horiek gauza oso ederrak ematen dizkigute”. Errenteria-Oreretan horretarako behar den ausardia badago Oategiren ustetan, baita profesionaltasuna ere, “edonork edozer ezin duelako egin, eta oinarria oso ona denean badago jauzia emateko aukera. Horrelakoek kristoren eskaintza egiten diote herriari eta seguru nago, lehen ekitaldian bezala, honakoan ere jendeak ikaragarri gozatuko duela”.
Bukatzeko elkarlanari keinu alkateak, “Laboral Kutxarekin elkarlanean aritzea goraipatu nahi dut gainera, ez da lehen aldia entitate horrek gure udalerriko proiektu bat babesten duena, eta alboan izatea halako entitate bat pozgarria da. Pozik eta gozatzeko prest”.
Emanaldia 18:00etan hasiko da tardeo batekin, eta 20:00etan hasiko da kontzertua. Eserlekurik ez da izango. Sarrerak, 7 euroan daude salgai (klik hemen).
