Escalerillaseko etxegabetzeak gerturatzen ari direla salatu du Etxebizitza Sindikatuak
Epaileak kautelazko etxegabetzea dekretatu duela adierazi du sindikatuak, bizilagunen errekurtsoa erantzun baino lehen. Etxegabetze dataren zain daude orain.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi du Pasaiako portua aurrera doala Escalerillaseko etxebizitzak eraisteko proiektuarekin. Eraikin horietako bizilagunek 40 urte baino gehiago daramatzate bertan bizitzen. Etxebizitza horiek portuaren jabetzakoak dira, eta bertan bizi diren familiek portuan egin zuten lan urte luzez. Sindikatuak gogorarazi du familia horietako asko 1980ko hamarkadan iritsi zirela portu ingurura lanera, eta, ordutik, alokairuak eta mantentze gastuak era jarraikor batean asumitu dituztela. Bizilagun horiek duela hiru urte jakin zuten portuak etxebizitza horiek eraitsi nahi zituela, portura merkantziak sartzeko trenbide berri bat eraikitzeko.
Sindikatuak adierazi du 2023tik familia horiek “injustizia” horri aurre egiteko antolatuak egon direla, Etxebizitza Sindikatuarekin batera. Denbora horretan mobilizazioak, asanbladak, elkartasun egunak edota beste hainbat protesta ekintza gauzatu dituzte. Bizilagunek, titular zein ez titularrek, “behin eta berriz” berretsi dira beren hautuan: “Euren bizi osoko etxeetan geratu nahi dute”. Portuak, bestalde, titularrei “presioa egin” diela zehaztu du sindikatuak, “konpentsazio ekonomikorako akordio bat onar dezaten”.
Hasierako konpentsazio ekonomikoak “irrigarriak” zirela jakinarazi du sindikatuak, “egoiliarren bizi itxaropenaren arabera kopurua murrizten zutenak”. Urtarrilean hiru titularrek “presiopean” akordioa onartu zutela baietsi du sindikatuak, “bi urteren ondoren eskaintza ekonomikoak hobetu eta berdindu zituelako portuak”. Bestalde, beste sei familiei portuak alternatibarik eskaini ez diela salatu du sindikatuak, “eta datozen asteetan etxetik bota nahi ditu”.
Interes pribatuen alde
Escalerillaseko etxebizitzak eraisteko arrazoia trenbide sare berri bat eraikitzea dela gogorarazi du sindikatuak. Obra hori diru publikoz finantzatuko dela adierazi du sindikatuak, Eusko Jaurlaritzaren bitartez. Hala ere, azpiegitura horrek interes pribatuak elikatzeko helburua duela salatu dute: “Algeposa enpresaren kostu logistikoak gutxitzea”.
Diru publikoa, hortaz, “interes enpresarialak elikatzeko” baliatzen ari dela gaitzetsi du sindikatuak, eta horren “ondorioak portuarentzat lan egiten duten familiek pairatuko dituzte”. “Beste behin argi geratzen ari da gizarte honetan interes ekonomikoak gailentzen direla, eta gainera instituzioek paper aktibo bat daukatela interes hauen gauzapenean”, esan dute.
Erantzukizun instituzionala
Erantzuleak hainbat direla esan du sindikatuak: “Alde batetik, Pasaiako portua, blokea eraitsi eta familiak kaleratu nahi dituena. Instituzio hau Garraio Ministeritzako Organismo Público Puerto del Estado-rekiko mendekoa da. Gainera, portuko lehendakaria, Izaskun Goñi, 2025eko martxoan izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Bestalde, Euskal Trenbide Sarea daukagu, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duena eta trenbide sarea bera blokearen lurretan eraikitzeko ardura duena”.
Etxegabetzeen behin-behineko exekuzioa
Portuak titulartzat jotzen ez dituen familiak prozedura judizial batean murgilduta daudela adierazi du sindikatuak. Epaileak portuaren eskaera “ontzat” eman zuela jakinarazi dute, “zeinaren arabera auzokideak prekarioan zeuden eta inongo konpentsazio edo alternatibarik gabe etxegabetuak izan zitezkeen”.
Hala ere, sindikatuaren defentsa juridikoak, bizilagunen ordezkari gisa, epaitegietan ebatzitako gaiaren funtsa nabarmen aldatzen zuen dokumentazio berria aurkeztu zuela gogorarazi du: “Eraikin hauek ez dira jabetza publikoa, pribatua baizik, eta, beraz, isilbidezko subrogazioaren figura dago, hainbat hamarkada beren etxeetan bizitzen daramaten sei familia horiei aplikatu behar zitzaiena”.
Epaitegiek oraindik sindikatuaren apelazioa ebatzi ez dutela aurreratu dute; hala ere, portuak etxegabetzea “behin-behinean” exekutatzea eskatu duela jakinarazi du sindikatuak. Epaileak sindikatuari jakinarazi berri dio portuaren eskaera onartzen duela, beren “alegazioak gorabehera”. “Alegazio horietan argudiatzen genuen, etxegabetzearen behin-behineko betearazpena eginez gero, kalte itzulezina eragingo litzatekeela, etxebizitzak eraitsiko liratekeelako eta bizilagunak ezingo liratekeelako beren etxeetara itzuli”, esan du sindikatuak. Hortaz, une honetan kaleratzea noiz gauzatuko den itxoiten ari da sindikatua.
Hurrengo urratsak
Bizilagunak eta sindikatua etxegabetze dataren zain daudela adierazi du sindikatuak, baita auzitegietan isilbidezko subrogazioaren inguruko apelazioa noiz ebatziko zain ere. Etxegabetzeak ebazpena baino lehenago iritsiko diren beldur dira bizilagunak. Beraz, hurrengo deialdiei adi egoteko eskatu dute.
