Igandean, Xoxolurrekin, Eskolarteko Ibilaldi Neurtua
Inguruko herrietako mendizale gazteen festa izango da igandekoa. 24. Korrikaren egitarauaren barrukoa da jarduera.
Xoxolurrekoak, otsailean Aralar aldera egin zuten irteeran. Mendizaleen gazteen eta euskararen plaza izango da Lezo igandean (hilaren 15ean). Izan ere, Xoxolurrek antolatua, Eskolarteko XXXVIII. Ibilaldi Neurtua jasoko du herriak. Zehazki, Jaizkibel inguruan antolatutako ibilbidean parte hartuko duten kideak Oarsoaldekoak nahiz inguruko herrietakoak izango dira; egun berean, Antzuolan, Azkoitian, Hernanin eta Lazkaon ere egingo dira martxa neurtu horiek, herri horietako eskualdeetako partaideekin. Lezokoak, ordea, badu bereizgarri bat: 24. Korrikaren herriko egitarauaren barrukoa da: “Euskarak batzen gaitu, euskara da gure nortasunaren ikurra, euskarak egiten gaitu herri, euskarak ardaztu du gure historia, eta euskaraz jaso ditugu ohiturak, balioak eta testigantza ugari. Euskara gara, beraz, mendizaleok ere bai!”, esan dute Xoxolurrekoek.
Igandeko martxa neurtua Xoxolurren ikasturteko bosgarren irteera edo jarduera izango da. Euskaran ardaztutako bidea prestatu dute Xoxolurrekoek Jaizkibeldik zehar, eta hala, dorreoietako batean Herria gara gunea prestatu dute, beste guneetako bat Ahotsa gara da, eta Iparragirre eremuko barrakoien eremuari Historia gara izena jarri diote. Handik pasako dira martxalariak 2-3 orduan egingo duten mendi bueltan; 09:30ean ateratzen hasiko dira taldeak Karlos Saldise plazatik.
Behin ibiltariek egin beharreko bidea bukatzean hamaiketakoa eta tailerrak izango dira Saldisen bertan. Eguna biribiltzeko, bazkari autogestionatua izango da gune horretan bertan.
Lezoarrei dagokienez, Xoxolurrek haientzako izen ematea zabalik du hilaren 12ra (osteguna) arte. Haien posta elektronikora mezua bidalita eman behar da izena, zehaztuz zenbat kide joango diren, eta haurren adinak.
