Altamiragain parkea berritzen hasi dira
Altamiragain parkea berritzeko lanekin hasi da Lezoko Udala. Zehazki, lan horien lehen fasearekin hasi da, hango anfiteatroko eremukoak.
Parkeko kioskoa berritzen hasi dira lehenik.Lezoko Udala Altamiragain parkea berritzeko lanekin hasi da Lezoko Udala. Zehazki, lan horien lehen fasearekin hasi da, hango anfiteatroko eremukoak: bertako hainbat elementu berritzen hasi dira tartean, kioskoaren estalpea eta argiteria; gainera, eserlekuak ere jarriko dituzte “espazio hori berriz ere jarduerak egiteko eta topagune gisa erabiltzeko egokia izan dadin”.
Parkearen berritze osoaren aurrekontua 234.654 eurokoa dela zehaztu du udalak, eta Lau Badia enpresak egingo ditu. “Lan horiekin, Lezoko Udalak auzo honetako espazio publikoa berritu eta biziberritu nahi du, herritarren topagune eta aisialdirako gune atseginagoa sortuz. Gainera, Lezoko bazterreko eremu degradatuak leheneratzeko proposamenarekin bat egiten du, erdigunetik aldentzen diren eremuen potentziala nabarmendu eta herritarrentzat espazio horiek egokitzeko ahaleginak ingurua eta lezoarren ongizatea bermatzen baititu”, adierazi du udalak.
Bigarren fasean Altamiragain parkeko bideak eta inguruak irisgarri izateko lanak egingo dituzte, horien lurra aldatuz, baranda jarriz, eta aegiteri berria instalatuz. Bioaniztasunari begirako ere jarduketak egingo dituzte, landaketa berri eta faunarako babeslekuekin.
“Altamiragain parkeko berritze lan hauek 2022an Altamira auzoan eta inguruko eremuan egindako azterketa batean jasotako beharrizan eta proposamenetan oinarritzen dira. Azterketa horren helburua auzoko espazio publikoen egoera aztertzea eta hobetzeko lehentasunak zehaztea izan zen, eta orain martxan jarritako proiektua lan horren emaitza da”, nabarmendu du udalak.
