M17ko greba orokorrarekin bat egin du Baserritar Bilguneak
"Herri bakoitzak bere elikaduraz erabakitzeko eskubidea duen bezala, bere langileen lan-baldintzak ere erabakitzeko eskubidea du", esan dute.
Baserritar Bilguneak oharra helarazi du HITZAra jakinarazteko Martxoaren 17ko (M17) greba orokor deialdiarekin bat egin duela. Lanbide arteko gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izan dadila eskatu, aldarrikatu eta borrokatzeko deitu dute hainbat sindikatuk astearterako greba orokorra. “Lehenik, gutxien kobratzen duten langileekiko elkartasunez egiten dugu bat. Bigarrenez, ulertzen dugulako soldata arrakalak jendartearen barne-kohesioa ere hausten duela, eta lehenengo eta bigarren mailako herritarrak sortzen duelako”. Grebarekin bat egiteko hirugarren arrazoiaren berri ere eman dute: “Herri bakoitzak bere elikaduraz erabakitzeko eskubidea duen bezala, bere langileen lan-baldintzak ere erabakitzeko eskubidea du”.
Bidezko aberastasunaren alde egin du Baserritar Bilguneak, 1.500 euroko gutxieneko soldata “ezinbesteko” ikusten baitu, baita gehienezko soldata muga jartzea ere. “Diotenez, hori gutxieneko soldataren hirukoitza litzateke, 4.500 euro. Diru kopuru nahikoa —eta sobera— duin bizitzeko”.
Alta, adierazi dute baserritarren gehiengo zabal bat ez dela iristen indarrean den gutxieneko soldataren mugara, 1221 eurora alegia. “Horrek islatzen du lehen sektoreak, jendartearen elikaduraz arduratzen denak, bizi duen prekarietate egoera, pertsonen bizitzari eusteko ezinbesteko lana izan arren”. Adierazi du baserritarrek bizi duten egoera prekarioaren ardurak oso banatuta daudela. “Lehen sektorearekin lotura zuzena duten erabakietan inoiz ez dira abiatzen elikadura pertsona ororen eskubidea dela indartzetik, baizik eta merkantzia eta industria da haientzat lehen sektorea”.
Aldi berean, eredu agroekologikoaren alde egiten dutenei eskerrak eman dizkiete: “Izan ere, guk egindako lanean konfiantza izateaz gain, haien eguneroko erabaki txiki-handi horrekin gure prekarietatea arintzen laguntzen dute”.
