EAJk EH Bilduren "zerga igoera neurrigabea eta gastu arduragabea" salatu ditu
Talde jeltzaleak "kontratu txiki eta aholkularien gehiegizko gastua" kritikatu ditu. Gastuak "lehenbailehen" berrikustea eskatu dute.
Lezoko EAJk EEH Bilduren gobernuaren “zerga igoera neurrigabea” eta “gastu arduragabea” salatu ditu. “EH Bildu gobernuan sartu zenetik, urtetik urtera handitu ditu zergak. Hala eta guztiz ere, zerbitzuetan ez da hobekuntza nabarmenik egon, eta kanpoko aholkularitzen gastuak igo egin dira”, azaldu dute jeltzaleek. Era brean, gehitu dute azken hilabeteetan “2026 honetarako langileen soldatak izoztu zituela jakinarazi zutela, KPIa kontuan hartu gabe, Euskadiko gainerako erakunde publikoak araudian ezarritakoaren arabera eguneratzen ari den arren”.
Bide horretan, azpimarratu dute horrek “Lezoko langileekiko konpromiso falta” erakusten duela, eta hori “oso egoera harrigarria” dela “EH Bildu bezain ezkertiarra omen den alderdi batentzat”.
Horretaz gain, EAJk “kontratazioan gelditasuna, txandakatze etengabea eta udaleko teknikarien falta” ere salatu ditu berriki: “Azken urteotan Lezoko Udaleko langileen errotazioa oso handia izaten ari da, izan ere, Lezoko Udalean denboraldi bat igaro ondoren, langile askok beste udalerri batzuetara joatea erabakitzen dute”. Diotenez, dinamika hori ohiko praktika bihurtzeak kezkatzen ditu jeltzaleak, “eta murrizketek eta EH Bilduk langileekin duen konpromiso faltak eragiten dute”.
Halaber, EAJl zalantzak jarri du kanpoko aholkularien kontratazioa: “Ez dago justifikaziorik aholkulariak masiboki kontratatzeko, oinarrizko zerbitzuen beharrak asetzeko diru nahikorik ez dagoenean. Baliabide horien kudeaketa berrikustea beharrezkoa da, diru publikoa modu eraginkorrean eta lezoarren benetako onurarako gastatuko dela bermatzeko”.
Hartara, jeltzaleek “beharrezkoa ez den gastua murrizteko eta herritarren ongizatea lehenesteko” eskatu dio udal gobernuari: “Egungo kudeaketa ereduak egoera jasanezin baterantz darama Lezo. Gastuak lehenbailehen berrikustea eskatzen dugu, baita teknikarien lan baldintzak hobetzea ere udalerriko zerbitzuak hobetu ahal izateko”.
