"Etsaiak asmatzea" egotzi dio PSE-EEk EH Bilduri LEParen aferan
Gehiegizkoa jo dute sozialistek C1 eskaera administrari lanpostuentzat, 2008an baina, alderdi sozialistak zenbait lanposturi izendatutako hizkuntza eskakizunak aldatzea onartu zuen; tartean, administrarien hizkuntz eskakizuna bigarrenetik hirugarrenera pasatzea.
Almudena de La Torre, Isaac Palencia eta Alberto Muñagorri Erremnteriako PSE-EEko ordezkariak.PSE-EE Hautsak harrotu ditu, Errenteriako Udalaren Lan Eskaintza Publikoari jarritako helegitearen atzean euskara jo puntuan duen talde antolatua agerian utzi duen Argia-ren ikerketak. Erreakzio ugari sortu ditu dokumentatutako ikerketa horrek, haserrea, eta egonezina tartean. Asteazkenean agerraldia egin zuen Errenteriako Udaleko gobernu taldeak auziaren gaineko balorazioa egin eta jarraituko duen bidearen berri emateko. Argi esan zuen Aizpea Otaegi alkateak agerraldi horretan, bururaino eramango duela udalak bide judiziala, agortzeraino, deialdia hasieran egindako betekizun berekin berrartzeko bide judiziala bukatutakoan. Hori asmoa, baina epaitegien ebzapenak dioenaren zain egon beharko du horretarako udalak; irailean izango da epaiketa.
Argia-k salatu duen euskararen kontrako oldarraldia antolatua dagoela erakusten duten entzunezko zein idatzizko frogak eraman ditu azken egun hauetan bere ikerketa artikuluetara. Horiek baina, ez dira nahikoak izan Errenteriako PSE-EErentzat. Gaur bertan prentsa ohar bidez “etsaiak asmatzea” leporatu dio EH Bilduri, “gehiengoari erantzuteko duen proiektu falta estaltzeko. Oraingoan euskara erabiltzea erabaki du eguneroko kudeaketako akatsak estaltzeko”.
Harago jo du, eta gobernu taldeari —EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak osatuak— “kudeaketa okerraren” gaineko arreta desbideratzen saiatzea egotzi dio, horretarako “teoria konspiratzaileak” baliatuta, “eta kudeaketa arazo bat hizkuntz politikaren gaineko eztabaida faltsua bilakatuta”. Arazoa ez dela euskara edota herritarrak aukeratzen duten hizkuntzan artatuak izateko eskubidea gaineratu du Isaac Palencia sozialisten bozeramaleak , “bat egiten dugu printzipio horrekin eta jendartean oinarrizko kontsentsua du, baina euskararen defentsa hori ezin da pertsonen eskubideen gainetik pasata egin. Ezin da alde batera utzi orain euren lanpostua arriskuan ikusten duten eta urteak administrazioan lanean daramaten langileen egoera, ezta enplegu publikora sartu nahi eta euskararen ezagutza maila txikiagoa izateagatik aukera hori ez dutenen egoera”.
Ez du hor bukatu sozialistak, eta 25 administrari lanpostuei C1 hizkuntz eskakizuna egin izana, “neurrigabea” iruditu zaio, “ez dio gainera erantzuten lanpostu hauen errealitateari. Indarrean den araudiaren oso gaineko eskaera linguistikoa egin du EH Bilduk”.
Hizkuntzaren erabileraren “errealitateari” egin dio aipamen bukatzeko PSE-EEko bozeramaleak: “Udalaren 2025eko abenduko arreta datuen arabera, 4.460 egin zituen gaztelaniaz, %85 eta 810 euskaraz, %15”. LEPan parte hartzeko izena eman duten 860 pertsonei egin die erreferentzia azkenean, “ezjakintasun egoera betean gelditu dira, eta egoera hori irizpide ideologikoak erabilita antolatutako deialdi baten ondorio da”. Bukatzeko, lan deialdia “birplanteatzeko” galdegin dio gobernu taldeari, “segurtasun juridikoz egin ahal izateko”.
Zenbait lanposturi izendatutako hizkuntza eskakizunak aldatzea onartu zeun udalak 2008an
Gehiegizkoa iruditu zaio PSE-EEri Errenteriako Udalak 25 administrari lanpostu lehiaketa publiko bidez hautatzeko prozeduran, C1 edo hirugarren hizkuntza eskakizuna eraman izana deialdiko oinarrietara. Zehazki, “neurrigabetzat” jo du betebehar hori. “Irizpide ideologikoak” lehenetsi izana ere egotzi dio gobernu taldeari.
Kontuak kontu, atzera eginda, Errenteriako Udalak eta zehazki udalbatzarrak duela hemezortzi urte Errenteriako Udaleko lanpostuen zerrenda aldatzea onartu zuen, besteak beste, zenbait lanposturi izendatutako hizkuntza eskakizunak. 2008ko martxoaren 31n izan zen hori, eta urte bereko apirilaren 2an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (klik hemen hura ikusteko).
Urte hartan, PSE-EE zegoen alkatetzan Errenteriako Udalean, berak eraman zuen proposamena plenora eta bere aldeko botoekin, besteak beste, onartu zen. Sinatzailea, Joaquin Acosta Pacheco, PSE-EEko zinegotzi eta lehenengo alkateordea da.
Pentsatzekoa da hemezortzi urtean euskarak aurrera egin duela, horretarako hamaika eragile eta norbanako egiten ari den lan nekaezinari esker. Eta zail da ulertzen, orduan erabat logikoa zirudiena PSE-EErentzat, “neurrigabea” bilakatu izana gaur.
Prentsaurrekora bildutako beste ideia batek ere, gutxienez ematen du zer pentsatu. Arazoa ez dela euskara edota herritarrak aukeratzen duten hizkuntzan artatuak izateko eskubidea adierazi du Isaac Palencia sozialisten bozeramaleak , “bat egiten dugu printzipio horrekin eta jendartean oinarrizko kontsentsua du, baina euskararen defentsa hori ezin da pertsonen eskubideen gainetik pasata egin”. Bi ondorio atera daitezke, bederen, edo euskaldunak ez direla pertsonak, eta baldin eta badira, eta eskubideak badituzte, eurenak, besteen eskubideen azpitik daudela.
