"Herriarentzat tresna izan nahi du Berdintasun Kontseiluak"
Lezoko Berdintasun Kontseilua aurkeztu dute, hura osatzeko urtebeteko prozesua egin ostean. Herri parekide bat helburu, herrian aldaketa errealak proposatu eta denen bizitzak erdigunean jartzera datorrela adierazi dute.
Arruti eta Saizar aurkezpen ekitaldian atzo.Lezoko Udala Berdintasuna zehar lerro garrantzitsutzat jo zuen udalak agintaldi hasieratik, eta lehentasun bilakatu. Urtebetean eragileek, udalak eta hainbat norbanakok egindako lanak egi bihurtu du Lezoko Berdintasun Kontseilua; atzo aurkeztu zuten Eneritz Arruti Osanbela Berdintasun zinegotziak eta Josune Saizar Sarasua sorrera prozesuan parte hartu duten eragile eta norbanakoen izenean.
Horrelako organo baten beharra “nabarmena” zela esan zuen Arrutik, “hala adierazi du luzaroan mugimendu feministak”.
Kontseiluak herriarentzat tresna izan nahi duela jarri zuen nabarmen berriz, Saizarrek, “Lezon ikuspegi feminista lantzeko, herritarren beharrak identifikatzeko, eta berdintasunaren aldeko proposamenak garatzeko”. Sorrera prozesuan hainbat eragile eta norbanako aritu dira, eta horiei guztiei esker ona adierazi zieten, “momentu konkretu batean, prozesu osoan zehar, zeharka edo zuzenean eragin dutelako berdintasunaren alde eta herri parekideago bat lortzeko bidean”.
Egitekoa ere aipatu zuten; ikuspegi feminista orokor zein zehatzak lantzea, tokitik eragin eta inguruan aldaketa errealak egitea, pertsona guztien bizitzak erdigunean jarrita, “aldaketa horiek lortzeko egiturek herri boterea behar dute, herritarren erabakimena eta ekarpena”, gaineratu zuen Saizarrek. Hori horrela, antolatzaileek herritar guztiei egin diete deia, bereziki gazteei, “herri parekideago baten eraikuntzan parte hartzera”.
Urtebete baino gehiagoko prozesuaren emaitza izan da Lezoko Berdintasun Kontseilua. Oinarriak lantzeko eta beste esperientziak ezagutzeko bi saio egin zituzten lehenik eta behin udalak gidatuta, tartean Errenteriako Berdintasun Kontseiluaren jarduna gertutik ezagutu zuten.Handia eta anitza izan zela parte hartzea hasierako saio horietan azaldu zuten. Ondoren, eta prozesuaren konplexutasunak errazteko, Elhuyarren aholkularitza izan zuten lagungarri, “bigarren fase horretan egonkortu zen lan taldea, zortzi lagunek osatua”.
Kontseiluaren araudiak behin-behineko onarpena jaso du udalbatzan, eta alegazioak aurkezteko epea zabalik da une honetan. Behin behineko onarpena ematen diotenean, hilabete bukaeran izatea aurreikusi dute, zabalduko da Berdintasun Kontseiluan parte hartzeko aukera.
