'San Juan' baleontziaren lexikoa, hiztegi bidez bildua
Albaolak, Euskal Itsas Museoak eta UZEI zentroak egitasmo berri bat jarri dute martxan ontzigintzarekin eta nabigazioarekin lotutako euskarazko lexikoa berreskuratzeko, finkatzeko eta herritarren eskura jartzeko.
Albaolak, Euskal Itsas Museoak eta UZEI Terminologia eta Lexikografia zentroak egitasmo berri bat jarri dute martxan. Proiektuak euskal itsas ondarea eta euskara uztartzen ditu, eta helburu argi batekin sortu dela jakinarazi du Albaolak: “Ontzigintzarekin eta nabigazioarekin lotutako euskarazko lexikoa berreskuratzea, finkatzea eta herritarren eskura jartzea”.
Iniziatiba hiru erakundeen arteko elkarlanaren emaitza da, eta bakoitzak bere ezagutzak eta esperientziak jarri ditu proiektu horren zerbitzura. Albaolak itsas ondareari eta ontzigintzari lotutako jakintza praktikoa eta dokumentala eskainiko du; Euskal Itsas Museoa testuinguru historikoaz eta ondarearen ikuspegiaz arduratuko da; eta UZEIk, aldiz, hizkuntzaren eta terminologiaren ezagutza gehituko dizkio egitasmoari. “Elkarlan horri esker, proiektuak oinarri sendoak ditu eta epe luzerako izaera hartzen du”, esan dute hiru erakundeek.
Hiztegiak San Juan baleontziarekin lotutako ontzigintza eta nabigazioko lexikoa bildu duela aurreratu dute: ontzien atalak, piezak, tresnak, materialak eta maniobretako kontzeptuak. Ordainak lau hizkuntzatan jaso dituzte: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Horrez gain, definizioak sartu dituzte kontzeptuak argitzeko, eta, zenbaitetan, argazkiak edo irudiak ere txertatu dituzte osagarri modura.
Hiztegia online kontsultatzeko sortu da, formatu erabilerrazean eta gailu mugikorretara egokitua. Erakundeek adierazi dute publiko zabalarentzat irekia eta eskuragarria izatea dela helburua: “Ikastetxeentzat, museoentzat, itsas ondarearekin lan egiten duten erakundeentzat, eta, oro har, itsasoarekiko interesa duen edonorentzat”.
Hiztegia “globala eta ebolutiboa” izatea nahi dute hiru erakundeek, denborarekin aberastuz joango dena beste ontzi mota batzuetara, itsas jardueretara eta etorkizunean beste kultura eta hizkuntza batzuetara ere zabaldu daitekeena. Egitasmoak, hizkuntzaren, itsas kulturaren eta lankidetzaren bidez, ondarearen zati garrantzitsu bat modu berritzailean jarri nahi du.
Egitasmoaren lehen emaitzak kontsultatu daitezke jada sortu duten webgunean.
