Zer da zuretzat Korrika?
Korrikako elementu nagusia partaideak, eragileak dira. Haiei ahotsa eman die HITZAk, eta seiren testigantzak jaso ditu.
Korrikako elementu nagusia partaideak, eragileak dira. Haiei ahotsa eman die HITZAk, eta seiren testigantzak jaso ditu. Euskara aldarrikatzeko unea da Korrika denentzat, baina ezberdin bizi dute denek. Hori bai, zalantzarik ez dago: denentzat da berezia Korrika.

Andde Berasategui Goñi
Andde Berasategui Goñi
HONDARRIBIA
“Komunitate oso baten aldarrikapentzat sentitzen dut Korrika, norbanakoa motibatzen duena“
Korrika niretzat euskararen aldeko borroka da. Gogoan dut, atzerrian ikasten ari nintzenean, nola atzerriko lagunei erakusten nizkien Korrikaren bideoa azaltzeko hizkuntzaren aldarrikapen hau bola bizi dugun. Honen partaide izaten hainbeste pertsona ikusteak nigan sekulako motibazioa piztu zuen euskararekiko grina sustatzeko eta defentsa egiteko. Komunitate oso baten aldarrikapentzat sentitzen dut Korrika, norbanakoa motibatzen duena aurrera jarraitzeko euskararen alde.
Aurten modu askotara biziko dut Korrika. Hondarribian izango naiz, noski; baina Bilboko azken egunera ere joateko asmoa dut. Gainera, Bartzelonan egiten den Korrikara joateko intentzioa ere badut. Ez du axola nora joan, euskal komunitate batekin biziko dudalako beti Korrika.
Zorionekoa naiz. Aurten Hondarribiko Olinpiaden lekukoa eramateko aukera suertatu zait, eta gogo handiz eramango dut.

Ander Elosegi Alkain
Ander Elosegi Alkain
IRUN
“Guretzat, egunero euskaraz egiten dugunontzat, harro egoteko ekitaldia izan da betidanik”
Euskara, gure hizkuntza, aldarrikatzeko ekitaldi bat da, oso harro egoteko modukoa da. Baditu urte batzuk, eta edizioz edizio jendeak horren aurrean erantzuten du, eta gero eta jende gehiago parte hartzera animatzen da toki guztietan. Orokorrean, oso polita da.
Ez dut askotan parte hartu, gutxitan izan naiz. Aurreko edizioa, 23. Korrika, Irundik atera zen. Hor bai egon nintzela, eta oso polita izan zen jendeak nola erantzun zuen ikustea eta nola mugiarazi zuen herri oso bat. Oso hunkigarria izan zen. Batez ere, guretzat, euskaldunontzat eta egunero euskaraz egiten dugunontzat, harro egoteko ekitaldia izan da betidanik.
Aurten ere, Korrikak Irun zeharkatzen duenean Korrikarekin bat egingo dut. Ez dakit zehazki non, baina kilometrotxoren bat egin, egingo dugu. Ez naiz oso urduri jartzen Korrikaren etorrerarekin, baina behin gertu ikusten dudanean Korrikarekin bat egiteko momentua asko gozatzen dut.

Jone Arruti Peña
Jone Arruti Peña
ORERETA
“Korrikak aukera ematen du eragile guztiak batu, eta euskararen bueltan jartzeko”
Oso beharrezkoa da Korrika bere hasieratik. Ikaragarria da hamar egunetan Euskal Herria osorik zeharkatu eta mugitzen duen jende hori guztia euskararen bueltan jartzea; ikaragarria da. Oreretan sekulakoa da, euskal kulturaren bueltan hamaika ekitaldi antolatzen dira Korrika Kultaralarekin, eta horrek ere ekarpen itzela egiten du.
Nabarmen jarri beharra dago zenbateko lana egiten duten AEK-ko irakasle eta ikasleek, zenbateko inplikazioa, emozioak, ilusioak… Eta hori guztia haiekin bizitzeko aukera izaten dugu herritarrok euskara indartu eta kalera ateratzeko, ikusarazteko. Sekulakoa da.
Korrika guztietan atera izan naiz orain arte, eta aurten ere tarte txiki batean bada ere egingo dut Korrika nire tabernatik [Arkaitza] gertu pasatzen delako beti, Herriko Plazatik edota errepidetik. Korrikak aukera ematen du sentsibilitate ezberdinak batu eta eragile guztiak euskararen bueltan jartzeko, herriaren ispilu bihurtzen da.

Mertxe Larrea Garmendia
Mertxe Larrea Garmendia
LEZO
“Beharrezkoa da hainbeste jendek euskararen alde egiten duela ikustea. Tokatzen denean hor gaude”
Niretzat Korrika akuilu modukoa da. Bai Korrika, zein euskararen alde egiten diren mila gauzak dira akuilua, baina Korrika berezienetakoa da. Uste dut ahaztu egiten zaigula euskaldunak garela, eta horrelakoak kontzientzia astintzeko baliagarri dira. Ea euskaraz hitz egiten gehiago hasten garen.
Beharrezkoa da hainbeste jendek euskararen alde egiten duela ikustea. Tokatzen denean hor gaude, eta horrek poza ematen du. Baina Korrika etorriko da, eta pasako da; urte osoan izan behar dugu, beraz, euskararen aldeko jarrera aktibo hori.
Orratx! Antzerki Taldeko kide naiz. Bertako partaide izateko euskaraz jakitea eskatzen diegu hala nahi dutenei. Gure jarduna euskaratik egiten baitugu. Udalarekin hitzarmena egin genuenean garbi jarri genuen gureak euskarazko antzerki emanaldiak izango zirela, eta euskaraz jakiteaz aparte, euskara erabiltzea dugu xede. Askotan, baina, erabileraren kontua zaila da.

Mariaje Otaegi Kortadi
Mariaje Otaegi Kortadi
OIARTZUN
“Urte asko joan dira lehenbiziko ediziotik, baina oraindik ere hori sentitzen dut, emozioa”
Korrika egutegian markatuta dudan ekitaldi polit bat da. Herria animatzen duen eta euskarari bultzada txiki bat ematen dion egitasmoa da. Korrika eta baita euskararen alde egiten diren beste horrenbeste ekitaldi beharrezkoak direla uste dut, oraindik ere behar baitira horrelakoak jendea animatzeko eta kontzientziatzeko. Oraindik ere batzuengan kontzientzia piztu behar da. Konturatu naiz, nahiz eta euskara jakin, oso erraz jotzen duela jendeak gaztelaniara, eta nik uste dut Korrika eta Euskaraldia bezalako jarduera zein egitasmoak jendea euskaraz hitz egitera animatzeko balio duten festa modukoak direla.
Bileretara ez naiz joan, baina, noski, Korrikan parte hartuko dut. Bihar (larunbata) peto banaketa dago, eta Killirikupe Emakume Taldeak ere parte hartuko du, kilometro bat erosi baitugu eta korrika egingo baitugu goizeko ordu txikitan. Korrikak hunkitu egiten nau. Urte asko joan dira lehenbiziko ediziotik, baina oraindik ere hori sentitzen dut, emozioa.

Alberto Apilanez Urkiola
Alberto Apilanez Urkiola
PASAIA
“Gauza asko ezin dira erabaki, baina euskara erabiltzea bai, eta denok gara euskara”
Korrika niretzat da euskararen alde egiten den ‘lasterketa’ polit bat, non ez duzun inoiz inor ikusiko goibel, eta bai, berriz, oso pozik. Jendeak aurpegian irribarrea margotuta darama izan egunez, gauez goizaldean, hotzarekin, euripean…
Eta, Korrikaren xedea euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta AEKren euskaltegientzat dirua biltzea bada, niretzat, hautu bat egitea ere bada. Eta hautu berbera egiten ari gara, harremanetan, solasaldietan, irakurtzen zein entzuten, euskaraz aritzen garen guztietan. Gauza asko ezin dira erabaki, baina euskara erabiltzea bai, eta denok gara euskara.
Esan nahi dudana da Korrika sekulako pizgarria izango dela irauten duen bitartean, denen ahotan izango baita ‘lasterketa’ polit horrek duen esanahia. Baina nabaria da Korrikaren 11 egunetatik harago, egunero-egunero egin behar dela lasterka euskararen alde. Esan dudan moduan, hori hautu pertsonaletik dator.
