24. Korrikaren harira jarduerak Lekuona bibliotekan
Herritar guztiei irekiak dira jarduerak eta bertaratu eta parte hartzera animatu ditu herritarrak Lekuona Fabrikako bibliotekak.
2026 Korrika Liburutegia 24. korrikaren karietara hainbat ekintza antolatu ditu Lekuona Fabrikako bibliotekak. Batetik, martxoaren 19tik 29ra 24. Korrikaren etengabeko zuzeneko proiekzioa egingo dute Lekuona Fabrikaren beheko solairuan, biblioteka zabalik den bitartean. Bestalde, euskarazko literatura interesgunea martxan jarriko du bibliotekak eta irakurgai aukeraketa egiteko lagungarri izango den gida; gaurtik hilaren 31ra arte izango da eskuragarri.
Kahoot lehiaketa ere martxan izango du bibliotekak hilaren 20an hasita. Korrikarekin lotuta egongo da, astelehenetik ostiralera 12:00etan eta 18:00etan izango dira saioak, eta saria izango duen final handia hilaren 27an jokatuko dute.
Bukatzeko, Udal euskaltegiko eta Xenpelar AEKko ikasleekin hainbat bisita antolatu dituzte Lekuona Fabrikan, mailakatutako irakurketen berri izan dezaten, liburutegian dagoen ikas materiala ezagutu, eta kahoot lehiaketan ere parte har dezaten.
Herritar guztiei irekiak dira jarduerak eta bertaratu eta parte hartzera animatu ditu herritarrak Lekuona Fabrikako bibliotekak.
