Lezo Institutua, plazara
Altabira Eguna egingo du institutuak hilaren 18an (asteazkena), hezkuntza lana herrira zabaltzeko.
Lezo Institutua. Lezo Institutuan urtean zehar garatzen dituzten hezkuntza lanak herrira zabaltzeko, Altabira Eguna antolatu du ikastetxeak asteazkenerako (hilaren 18rako). Ikasleek landutako proiektu pedagogikoak eta sormen lanak aurkeztuko dituzte Lezoko hainbat gunetan. 09:30ean hasiko dira ekitaldiekin. “Uste dugu interes publikokoa dela hezkuntza komunitateak herriarekin duen lotura eta ikasleen lana ezagutaraztea”, esan dute institututik. Lezo Institutua plazara lelopean egingo dute Altabira Eguna.
09:30ean egingo dute irekiera ekitaldia. Bertan, hezkuntza zentroko ordezkariez gain, Mikel Arruti alkatea eta Gipuzkoako Hezkuntza Sailaren ordezkari Amaia Urzelaik parte hartuko dute. Jarraian zabalduko dituzte herrian zehar atonduko dituzten guneak: 10:00etatik 12:30era Zientzia Azoka egingo dute Gurutze Santuaren plazan (eguraldi txarrarekin Karlos Saldise plazan); 10:00-12:30 eta 16:30-18:00 tarteetan, berriz, Kultura Aretoak Euskal Herriko Historiaurrearen Museoa jasoko du. 13:00etan Andoni Ollokiegi musikari sanjuandarrak emanaldia egingo du. Taberna ere izango dela aurreratu dute institutuko arduradunek.
