Ate irekien jardunaldia Uztargi eta Goialde haur eskoletan
Haur eskola publikoetan matrikulatzeko epea zabalduko dute apirilaren 13an, eta maiatzaren 4ra arte izango da matrikula egiteko aukera.
Haur eskolen matrikulazio kanpaina aurkeztu du udalak.Ximun Leturia Lete Haur eskola publikoetan matrikulatzeko epea zabalduko dute apirilaren 13an, eta maiatzaren 4ra arte izango da matrikula egiteko aukera. Gaur aurkeztu dute Itsaso Cruz Hezkuntza zinegotziak eta Itsaso Etxenike Goialde Haur Eskolako zuzendariak eta Itziar Olarra, Uztargi Haur Eskolako zuzendariak. Aurretik ateak zabalik izango dituzte Uztargik eta Goialdek, familiek gertutik ezagutu ditzaten. Gaur aurkeztu dute matrikulazio kanpaina Uztargi haur eskolan, baita zehaztu ere, instalazioak eta bi eskoletako hezitzaileak ezagutzeko aukera emango duten ate irekien jardunaldiak noiz egingo dituzten. Uztargik, bi data izango ditu: hilaren 25ean eta apirilaren 16an, 16:00etatik aurrera, hitzorduarekin; Goialdek, berriz, hilaren 26an, hitzorduarekin.
Bisita horiek egiteko, aurretik izena eman behar da bi kasuetan, telefonoz deituta. Uztargiren telefono zenbakia: 943 51 22 16; Goialderena: 943 52 07 62.
Matrikula egiteko bi modu izango dira. Bata telematikoa (Egin klik hemen), eta bestea presentziala, haur eskoletan bertan. Uztargiren ordutegia matrikula egiteko 09:00etik 11:00etara eta 13:00etatik 14:00etara izango da. Goialden, berriz, 12:00etatik 13:00etara.
Itsaso Cruz Hezkuntza zinegotziak azaldu du, Goialde eta Uztargiren eskaintza azaltzen duen gutuna bidali diela 2025ean eta aurten jaiotako haurren etxeetara. Halaber, gogorarazi du udalerrian hezkuntza eskaintza zabal eta anitza dagoela 0-2 urte arteko haurrei begira, “aniztasun horrek, ekosistema aberatsa eskaintzen du hezkuntzaren eremuan, familiaren eta haurraren beharretara ondoen egokituko den eskaintza hautatzeko aukera eskainiz”.
Herriko haur eskolak aukeratzera deitu zuen Cruzek udalaren izenean, baita D ereduan egitera ere. Halaber, haur eskolei jendartean betetzen duten funtzio hezitzaile eta soziala aitortu die, “zaintza, garapen pertsonal eta sozialaren erdigunean jarrita”.
Haur eskola publikoen ezaugarriak
Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioak zuhur betetzen dituzte bi haur eskolek, hala azaldu zuten atzoko agerraldian. Horrela, 0-1 urteko gelan zortzi haur izaten dira gehienez, eta 1-2 urtekoen gelan, berriz, hamahiru. Bi haur eskoletan bi hezitzaile izaten dira etengabe haurrekin, eta horiek dira haurrei jaten eman eta lotarazten dituztenak. Hezitzaileek etengabeko formazioa jasotzen dutela ere jarri dute nabarmen, baita haur bakoitzaren mugimendu librea errespetatzen dutela bietan.
Goialde haur eskolan bi gela daude “etxeko giroa dago bertan, familiartekoa”. Aparkatzeko arazorik ez dagoenez, gurasoek ez dute presaka ibili behar haurra eramateko. Uztargik, berriz bost gela handi ditu, eta belarguneak. Sukaldaria bertan aritzen da kozinatzen egunero haurrentzat, eta janari ekologikoa eskaintzen dute.
Ordutegia bietan bera da, 07:30etik 16:00etara.
Ximun Leturia Letek egin du ondoko bideoa.
