Zientzia eta historiaurrea, herrigintzarako
Lezo Institutua kalera atera da gaur Altabira Egunarekin. Ikasturtean landutako edukiak herritarrei eman dizkiete.
Plazaren irudi orokorra. Lezo Institutuak Altabira Eguna prestatu du gaurko. Kalera atera dira bertako ikasleak, baina ez esku hutsik: ikasturtean zehar landutako ikasgaien zati handi bat Gurutze Santuaren plazara eta Kultura Aretora eraman dute, ikasleek eta herritarrek ikus dezaten egindakoa, eta bidenabar, ikas dezaten gazteek sortutako edukiekin. 10:00etatik 12:30era Zientzia Azoka egiten ari dira Gurutze Santuaren plaza; 10:00-12:30 eta 16:30-18:00 tarteetan, berriz, Kultura Aretoak Euskal Herriko Historiaurrearen Museoa jasoko du. 13:00etan Andoni Ollokiegi musikari sanjuandarrak emanaldia egingo du. Taberna ere izango da plazan bertan.
Plaza esperimentuen gune handi bat bilakatu da. Bertako postuetan, ikasleek landu dutena azaltzeko praktikaren bidea hautatu dute. Zuzen-zuzenean egin dituzte esperimentuak, eta gainera, planetarekin harremana duten hainbat prozesuren berri eman dute ederki asko landutako maketa eta guzti. Kultura Aretoan, berriz, Euskal Herriko historiaurrera jauzia egiteko aukera dago, han diren postuetan aro ezberdinei dagokien informazio guneak daudelako; ikasleak prest dira azalpenak emateko, zehaztasunenez, gelan ikasitakoa herrira zabalduz. Beheko argazki galerian ikus daitezke gune horiek guztiak.
Herrigintza
09:30ean egin dute Altabira Egunaren irekiera ofiziala. Marcos Nanclares Lezo Institutuko zuzendariak, Mikel Arruti alkateak, eta Gipuzkoako Hezkuntza Sailaren ordezkari Amaia Urzelaik parte hartu dute hizlarien txandan; ikasleen ongietorri bertsoak eta dantzarien Agurra ere izan dira. Nanclaresek harro adierazi du herrira hurbildu nahi izan dutela “han goian” egiten dutena, “eskerrak eman nahi dizkiet hau posible egien duten denei, ikasleei, irakasleei, hezkuntza komunitateko familiei, udalari, Hezkuntza Sailari, eta noski, Herri Eskolako kideei ere bai. Harro gaude Institutuan egiten dugun lanarekin. Gozatu egunaz. Ea datozen urteetan noraino iristen garen”.
Mikel Arruti alkatea pozik mintzatu da, “zoragarri” iruditu zaio plaza ikaslez eta haien ekarpenez beteta ikustea: “Guretzat ohorea da urtean zehar egiten duzuen lana herrira ekartzea. Ez bakarrik ikusteko, baizik eta ziur nago zuekin asko ikasiko dugula ere. Zorionekoak gara, zuei esker”. Gaurkoa Lezo eraikitzeko jarduera oso baliagarria dela azaldu du Arrutik, herria egitea dela iritzi duelako, “zuek une honetan herria egiten ari zarete. Lezo egiten ari zarete. Lezo herri bizi bat dela erakusten ari zarete. Zorionak, eta jarraitu lanean. Biba zuek, eta biba Lezo Institutua”.
Urzelaik xehetasunez azaldu ditu guneetan diren edukiak, “zoragarria da ikustea nola mobilizatu duzuen komunitate osoa gaurkoa antolatzeko”. Lezo Herri Eskolako LHko ikasleentzat gaurkoan zabaldutakoa oso baliagarri izango dela adierazi du (bisitak egingo dituzte postuetara ikasle horiek), eta ikasleak, irakasleak, eta familiak zoriondu ditu, “herriko komunitate guztiari, udalari barne, eskerrak eman nahi dizkiot”. Komunitatearen garrantziaz hitz egin du Jaurlaritzaren ordezkariak, “elkar ikasiz, aurrera egiten da. Hemen hilabetetako lana dago. Hori komunitateari erakutsi nahi diozue, eta horrek balio erantsia du. Etorkizuna eraikitzen ari zarete. Denen artean piztu duzuen su hori mantendu eta indartu behar da”.
Eguraldi bikainarekin ari dira egiten Altabira Eguna, eguzkia lagun dute. Herrigunean zientziak eta historiaurreak bat egin dute, ikasleen jakinduriatik, herri jakintzara. Jarraian, egitasmoaren hainbat irudi eta hasierako ekitaldiaren bideoa.
