Pasaia-Lezo Lizeoaren 50 urteak, Lizeo Egunean
Igandeko Pasaia-Lezo Lizeoaren Egunean ikastetxearen sorreraren 50. urteurrenak toki nabarmena izan zuen.
Eguneko ikuskizun bateko irudia.Pasaia-Lezo Lizeoa Urtero egiten du Pasaia-Lezo Lizeoak ikastolaren eguna, Lizeo Eguna. Aurtengoak, baina, izaera berezia izan du. Izan ere, 2026an beteko dira 50 urte Lezoko eta Pasaiako lau barrutietako ikastolek bat egin, eta Pasaia-Lezo Lizeoa sortu zutela, ikastola horietako gurasoek hala erabakita. Igandeko Lizeo Eguneko ikasleen ikuskizunetan bateratze horri, ikastolaren garapenari, eta egungo egoerari erreparatu zioten. Horren harria, Lizeoak iragarri du 50. urteurreneko ekitaldi nagusia ekainaren 6an egingo duela, Antxon. Aurrerago emango ditu ikastolak horren gaineko xehetasun gehiago.
Hala, Gotzon Pozak ikasleekin landutako koreografien kantuak bereziak izan ziren, denek izan zuten esanahia. Adibidez, Argitxoren kanta, Lizeoak antolatu dituen bi Kilometroak jaialdiarenak (Euskarak ez du deus arrotz, 1997koa; eta Hona bostekoa, 2010ekoa), Pasaiako Euskaraldirako sortutako Bihurguneak abestia, edo aurtengo 24. Korrikaren Xiberutikan mendebaldera entzun ahal izan ziren, dantzari gazteen ekarpen sutsuarekin. Bukatzeko, Gora ikastola-ren doinupean kalejira egin zuten Donibaneko eraikin nagusiko beheko pistan bildu ziren ikasle eta irakasleek.
Kantak eta dantzak bitartean, piezaka puzela osatu zuten. Pieza bakoitzarekin egungo Donibaneko eraikin nagusiaren egitura osatu zuten, auzolanean eta herritarren borondate irmoz altxa zen eraikinarena. Pasaia-Lezo Lizeoaren 50 urteen errepaso antzekoa izan zen, beraz, ikuskizunen tartea. Horien ondoren bazkaria izan zen.
Ekitaldian beti izaten dira aitortzak. Batetik, 1990ko belaunaldiari omenaldia egin zitzaion; bestetik, hezkuntza ziklo osoa ikastolan egin eta uztear diren Batxilergoko 2. Mailakoei ere oles egin zieten. Azkenik, Karmele Legorburu eta Marijo Erzibengoak oroigarriak jaso zituzten Iker Vidal eta Aitor Salaberria zuzendarien eskuetatik, erretiratuko baitira. Nekane Artola lehendakariak esker on eta aurrera begirako hitzak izan zituen.
Jarraian, Pasaia-Lezo Lizeoak HITZAri emandako argazkiei esker, Lizeo Egunaren ekitaldi nagusiko irudiak:
