HAPOa erakusketara eraman du udalak
Gaur zabaldu du 'Errenteriako HAPO berria, hiri begirada bat' izeneko erakusketa udalak Xenpelar Etxean.
Herri osoko eraikinetarako eskatu ahalko da diru laguntza. Hiri Antolamendurako Plan Orokor HAPO berria ezagutarazteko erakusketa zabaldu du gaurtik udalak, Xenpelar Etxean. Behin behinean onartu zuen plenoak otsailean plan hori kontrako botorik gabe.
Erakusketaren bidez planaren edukia jendarteratu nahi du udalak, eta interesa izan dezaketen guztiak bertaratzera deitu ditu. Hiru astez izango da zabalik, apirilaren 18ra arte, astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara. Gainera, bisita gidatuak egingo dituzte plana idatzi duten taldearen eskutik. Azken horiek, bihar, hilak 26, eta apirilaren 15ean izango dira; lehen egunean 18:00etan euskaraz, eta 19:00etan gaztelaniaz izango dira bisita horiek. apirilaren 15ean, berriz, 18:00etan gaztelaniaz eta 19:00etan euskaraz egingo dituzte.
Halaber, arlokako bilerak egiten ari da udala planaren sozializazio testuinguruan. Gaur, landa eremuko bizilagunekin eta lehen sektorean ari direnekin ariko da udala. Bilera Perurenako auzo elkartearen egoitzan izango da 18:30ean eta udaleko ordezkaritza politikoa eta teknikoak hartuko du parte. Dokumentua jendaurreko fasean dago eta alegazioak jasotzeko irekita. Udalaren webgunean kontsulta daiteke, prozesuan zehar sortutako gainerako dokumentazio osagarriarekin batera (klik hemen).
