[Lekukoaren eramaileen argazkiekin] Korrikaren olatua erraldoia izan da Pasaian
Donibanetik sartu da 24. Korrika Pasaiara. Lau barrutiak zapaldu ditu euskararen aldeko lasterketak, milaka herritar lagun.
Goizeko lehen orduan iritsi da 24. Korrika Pasaiara. Donibane izan da euskaren aldeko lasterketa masiboak zapaldu duen lehen barrutia, eta termika zenaren parean hartu dute lekukoa sanjuandarrek. Barruti arrosa zeharkatu ondoren, lekukoa traineruan pasa dute San Pedrora San Juan Koxtape eta Sanpedrotarra Arraun Elkarteetako arraunlariek. Badiak ez du euskararen aldeko olatua eten, ehunka herritarrek eman baitiote ongietorria San Pedron.
Barruti morea zeharkatu ondoren, Trintxerpera egin du jauzi lasterketak, eta kilometro batzuez Pasaiako lurrak utzi ditu, Donostiara joateko. 08:55ean sartu da berriz udalerrira: Altzatik iritsi da Antxora 24. Korrika. Txirrita AEK-ko eta Oarsobidasoko Hitzako langileek hartu dute lekukoa, harro. Antxo gurutzatu ondoren, Errenteria-Oreretara jo du lasterketak. Bertatik Antxora itzuli da, eta Nafarroa hiribidetik pasa ondoren, Escalerillas inguruan agurtu du Korrikak Pasaia, 2028ra arte.
Jarraian AEK-k Pasaian ateratako argazkiak eta Oarsobidasoko Hitzak sortutako bideoa.
