[Lekukoaren eramaileen argazkiekin] Maldan gora ere, erraz egin du euskarak
Euskararen kontrako oldarraldiak eraso egin eta hiru astera heldu da 24. Korrika Errenteria-Oreretara; gogotik erantzun du herriak, ozen, "euskara gara". Horrela egin dute udal langileek ere, euskara direla esanez CCOO sindikatuari erantzuteko pankarta batekin.
Duintasunako ordezkariak lekukoarekin eta Udal langileen pankarta.Korrika.eus Irrikaz izan dira zain. Heldu da, eta gehien-gehienen gusturako azkarregi pasa ere. Bidean hunkitu, poztu, kitzikatu, koloreztatu… egin ditu bazterrak, hamaika emozio eta sentipen bat utzi, bakarra, handia: bizirik da euskara. Euskararen kontrako oldarraldiak eraso egin eta hiru astera heldu da 24. Korrika Errenteria-Oreretara; gogotik erantzun du herriak, ozen, “euskara gara”. Horrela egin dute udal langileek ere, euskara direla esanez CCOO sindikatuari erantzuteko pankarta batekin.
Kaputxinoetan hartu du euskararen aldeko herri lasterketa erraldoiaren lekukoa Errenteria-Oreretak, eta maldan gora tokatu zaie aritzea tarte handi batez goiko aldeko auzoetara heltzeko, Alaberga goikoa, Beraun eta Galtzarabordara. Lekuko hartzaileen aurkezpenean Aizpea Otaegi alkateak udalaren kilometroan maldan gora aritzea egokitu zitzaiela-eta egindako adierazpenak benetakoak zirela argi utzi dute gaur udalaren izenean aritu direnek: Euskararen alde maldan gora egiten ohituta zirela eta “egingo dugu orain ere” esan zuen. Maldan gora, eta bikain aritu dira.
Don Bosco LHI, udala, Podemos, EH Bildu, Kirol Aisi eta Urdaburu Mendizale elkartea, Errenkoalde eta Bixigarri, Orereta Ikastola, Oreretako ikastetxe eta DBH eta Batxilergoko ikasleak, Lapurdiko pizzak, Herri Arte Eskola eta EMKE Musika Banda, Udal Hiri Mantenua eta Duintasuna Pentsiodunen elkartea, Laboral Kutxa, Oaingozhau eta Udala (Euskaraz barra barra), Etxerat, Elkarte Gastronomikoak eta Auzo Elkarteak, Oreretako Mugimendu Feminista, Koldo Mitxelena ikas komunitatea, Xenpelar AEKko ikasleak, Lau Haizetara, Bertso Eskola, Badalab, eta SOS Arrazakeria, Ernai, Ikama eta Gazte Asanblada, Ereintza eskubaloi taldea eta Hibaika arraun elkartea, Aterpe Higiezinen agentzia, Biteri Taberna, eta Ereintza Dantza Taldeak eraman dute lekukoa, eskuz esku, sarea egiten, euskara babesten.
Gaurko sare hori zaintzea, elikatu eta babestea dagokie orain, handitzeko, zabaltzeko, bazter denak zipriztintzeko, egunero-egunero erakusteko gaur garbi esan eta egin dutena: “Errenteria-Oreretan ere, euskara gara”.
Honakoak herrian lekukoa eraman dutenen argazkiak dira, AEK-ri esker 24. Korrikaren webgunetik hartutakoak. Bideoak Ximun Leturia Letek, Mikel del Val Garciak, eta Allende Arnaiz Garmendiak, jasotako irudiei esker osatu ditu HITZAk.
