Bukatu dira Azkuene Goiako baratze parkearen lehen faseko lanak
Iazko abuztuan hasi ziren Trintxerpeko eremuaren lehen faseko lanak, gune horren garbiketarekin. 2026ko urte bukaeran baratzeak esleitzeko prozedura arautuko duen ordenantza landu eta onartuko du udalak.
2025eko abuztuan Trintxerpeko Azkuene Goiako baratze parkearen lehenengo fasea egikaritzeko lanak eremu horren garbiketarekin hasi ziren. Gune horretan urteek pilatutako hainbat hondakin aurkitu zituzten, amiantoa tarteko. Hori dela eta, eta legeari jarraituz, Amiantoaren Arriskupeko Enpresen Erregistroan izena emana duen enpresa batek egin du eremu horren garbiketa. Garbiketak 42.592 euroko kostua izan du, eta horietatik, 14.917,46 euro Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuak emandako diru laguntzarekin finantzatu dira. Gunearen garbiketan 56,72 tona hondakin atera eta kudeatu zirela jakinarazi du udalak.
Eremua garbitu ondoren, baratzeak sortzeko lanak 2025eko irailean hasi ziren. Jarduketa horiek 121.160,27 euroko kostua izan dute. Obrak 2025eko abenduan bukatzea aurreikusia zuen udalak, baina eremua erabat garbitu eta egitekoak ziren lur mugimenduak egin ondoren, gunearen egonkortasuna bermatzeko txostena eskatu zion geologo bati. Bertan, euri urak bideratzeko zenbait lan proposatu zirela adierazi du udalak: terrazei barruranzko malda ematea; ezponda gainazalak sahats landarez ziriztatzea; azaleko urak bideratzea; edota drainatze jasangarriko sistema hiritarrak ezartzea.
Lanak bukatuta, Azkuene Goiako mendebaldeko eremua berroneratu egin dela azaldu du udal erakundeak, eta horrek bizilagunentzat “hainbat onura” ekarri dituela: aisialdi aktiborako erabilera publikoko eremu berri bat; herrigunetik irisgarria den eremu natural bat; naturarekin kontaktuan egon ahal izatea; edota bizi kalitatearen hobekuntza eta osasun fisikoa zein mentala zaintzea.
Honakoa adierazi du Iraitz Pazos Lapido Ingurumen, Hirigintza eta Zerbitzuetako zinegotziak: “Egitasmo hau udal politika publikoen norabide estrategiko baten parte da, herriaren eraldaketa ekologiko eta sozialaren aldekoa. Izan ere, espazio degradatuak berreskuratzea eta herritarren eskura jartzea funtsezkoa da Pasaia bidezkoagoa, osasuntsuagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko”.
Horrez gain, Pazosek adierazi du Azkuene Goiako baratze parkea ez dela soilik aisialdirako gune bat: “Elikadura burujabetzaren, tokiko ekoizpenaren eta kontsumo arduratsuaren aldeko apustu argia da Halaber, komunitatea indartzeko eta auzolana sustatzeko tresna ere bada, herritarren arteko harremanak eta zaintza sareak sendotzen lagunduko duena”.
Lehenengo fasea gauzatzeko, udalak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jasangarritasunaren Sailaren 75.000 euroko diru laguntza jaso du. Udal erakundea bigarren faseko proiektuaren eguneraketa lantzen ari da dagoeneko, eta udan ekitea aurreikusi du. “2026 bukaeran baratzeak esleitzeko prozedura zein baratzeen erabilera arautuko duen ordenantza landu eta onartuko dugu, datorren udaberrirako erabiltzaileek baratzeak eskuragarri izan ditzaten”, baietsi du Pazosek. Bide horretan, apirilean argitaratuko dute lehen zirriborroa, herritarren ekarpenak jaso ahal izateko.
