Donibaneko gizonen lehen taldea, igoera fasera
Arrosak Euskadiko Ligako txapeldun izan dira, eta Lehen Maila Nazionalera igotzeko fasea jokatuko dute orain.
Donibane Eskubaloiako gizonen lehen taldea Euskadiko Ligako txapeldun izan da, eta Lehen Maila Nazionalera igotzeko fasea jokatuko du orain, liga bukatzeko hiru jardunaldi falta direnean. Talde igo berria izan arren, Donibaneren izena gorenera eraman dute aurten ere. Arrosek igoera lortuko balute, estatu mailako hirugarren mailara igoko lirateke. Donibanek adierazi du “lorpen handia” litzatekeela klubarentzat, hiru hamarkada eman baitituzte maila horretatik kanpo.
Donibane larunbatean izendatu zen Euskadiko Ligako txapeldun, etxean, Basauri mendean hartu ondoren (28-24). Harmailak lepo bete ziren jokalariei babesa emateko, eta giro aparta sortu zen Larrabiden. Txaranga bat ere izan zuten lagun arrosek. Donibanek denboraldi osoan erakutsi duen lehiakortasuna agerian geratu zen beste behin, eta bi puntuak etxean geratu ziren, Larrabiden bildu zirenen gozamenerako.
Bestalde, gizonen bigarren taldea ere zorioneko dago, Gipuzkoako Lehen Lurralde Mailara igotzeko play-offa jokatuko baitu. Igandean lortu zuten igoera fasea jokatzeko txartela, Egia garaitu ondoren (30-26).
Gizonen bi taldeek emakumeek irekitako bideari jarraipena eman diote orain, duela bi aste Gipuzkoako Lehen Lurralde Mailan jokatzeko igoerako play-offa lehiatu baitzuten. Finala jokatu arren, galdu egin zuten Bergararen aurka, eta igoeraren atarian geratu dira.
