Energia komunitatearen azken saioa, gaur
Aldundia eta udala Pasaian energia komunitate bat sortzeko ahaleginean dabiltza, herritarrei irekitako hiru saio antolatuta. Azkena gaur izango da, San Pedroko Udal Aretoan, 18:30ean.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentua, Energia Eraldaketarako Bulegoaren bidez, Pasaian energia komunitate bat sortzeko ahaleginean dabil, herritarrei irekitako hiru saio antolatuta, Pasaiako Udalarekin lankidetzan. Hirugarren eta azken saioa gaur (hilaren 26a, osteguna) izango da, 18:30ean, San Pedroko Udal Aretoan.
Pasaitarrei irekitako saioen helburua da informazioa, prestakuntza eta laguntza ematea tokiko energia komunitate bat sortzeko prozesuan, energia eredu bidezkoagoa, parte hartzaileagoa eta jasangarriagoa sustatuz, energia berriztagarrien sorkuntzan eta kontsumo partekatuan oinarrituta. Gaurko saioan energia komunitate bat nola kudeatzen eta abiarazten den irakatsiko da, Pasaiako energia komunitatea sortzeko ibilbide orria ezarriz.
