Klima eta energia jasangarrirako plana egikari dadila eskatu du Lezoko PSE-EEk
Plana onartzeko EH Bilduren "borondate falta" salatu dute sozialistek: "Gobernu taldea ingurumenaren arloan paralisi egoeran dago".
Lezoko PSE-EEk udal gobernua osatzen duen EH Bilduri egotzi dio klima eta energia jasangarritasunerako plana onartzeko urratsik ez egitea, horretarako “borondate falta duelako”. Udal talde sozialistaren arabera, “gobernu taldea ingurumenaren arloan paralisi egoeran dago”. Lezoko Udalak 2025eko abenduaren 10ean aurkeztu zuen herritarren aurrean Lezoko Klima eta Energia Trantsizioaren Aldeko Ekintza Plana.
2019an udalak PSE-EEk aurkeztutako mozio bat onartu zuen udalerrian larrialdi klimatikoa deklaratzeko; 2023ko abenduan, eta Joxean Sanchez buru duen alderdiaren ekimenez, klima aldaketaren kontra egiteko udal plana egiteko eta energia berriztagarriak erabiltzeko neurriak hartzeko beste mozio bat onartu zen. “Planaren zirriborroa 2025ean aurkeztu zen. Dokumentuak, ordea, behin betiko onartu gabe jarraitzen du, beraz, ez da udalaren ekintzarako benetako tresna bihurtu”.
Aurrekari horiek azalduta plan hura oraindik onartua ez izatea “justifikaezina” dela uste du PSE-EEk, eta “lehentasun politiko falta” izatea leporatu dio udal gobernuari, azalduta administrazio publikoek aurrez aurre duten erronka handienetako bat klima aldaketaren aurkako borroka dela.
“Planaren onarpena atzeratzeak esan nahi du aurreikusitako ekintza askok —hala nola udal-eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzea, bizikleta-azpiegiturak garatzea edo udalerria muturreko klima-fenomenoetara egokitzea— egikaritze-egutegi argirik gabe jarraitzen dutela”, nabarmendu dute.Udal Talde Sozialistaren iritziz, planaz gain, udalerriak trantsizio energetikorako eta klima-aldaketarako udal-batzorde bat izatea, planean jasotako ekintzen betetze-maila ebaluatzeko.
