Noiz jaio ez da arazo Korrikarekin bat egiteko
Adineko lezoarrek Tipi-Topa Korrika egin dute gaur goizean. Kalean, Amonen Aitonen Bordan, elizan, plazan edo etxean euskara nahi dute.
Korrikaren zaleak jaiotze dataren arabera sailkatzen dituztenak oker dabiltza. Denena da Korrika, izan haur, gazte, heldu edo adinekoena. Lezoko adinekoek gaur goizean azaldu dute euskara kalean, Aiton-Amonen Bordan, tabernetan, etxean edo elizan nahi dutela. Haien presentzia den orotan desio dute hizkuntzak tokia izatea. Horregatik 24. Korrikaren bat egin dute, Lezoko Tipi-Topa Korrika egin dute.
Errotetatik, termika zenetik, hasi dute lekuko aldaketen dantza. Jaizkibel hiribideak Donibane aldera begira duen zatia Zubitxo kaleraino egin dute, handik Gurutze Santuaren plazara igo eta han bukatzeko bidea. Manifestua irakurri eta hamaiketakoa egin dituzte zabalgunean. Harro asko gainera.
“Zain dezagun Korrika. Zain gaitezen geu, gure hizkuntza, euskara, erabiliz. Eta AEKrekin batera, euskal komunitate indartsu bat osa dezagun. Euskara garelako, gora AEK eta gora Korrika!”, esan dute Arrate eta Pili hizlariek euren interbentzioaren bukaeran. Plazan zirenek txaloka eta “gora!” ozen batekin erantzun diete. Bi emakumeek adierazi dute hizkuntzak jasotzen duela herri baten memoria, eta ez dela ahaztu behar hizkuntza gizakien pentsamendua moldatzen duen tresna dela, “gauzak ikusteko modu berezi bat ematen digu. sentitzen dugunari zentzua ematen diogu hizkuntzarekin. Aukeratzen ditugun hitzek eta hizkuntzak asko esaten dute gure nortasunaz. Hizkuntza, geu garenaren isla da”.
Pilik eta Arratek esan dute hizkuntzek eboluzionatzen dutela, belaunaldi berriek hitz eta esamolde gehiago eransten dizkietelako. Aldatuz doa, pertsonak aldatzen diren bezala. “Gizartearekin batera hazten den organismo bizia da”. Euskara ikasi eta transmititzen denean, beraz, Euskal Herriaren historia eta nortasuna babesten dela azaldu dute, “eta honetan dihardu urte askoz AEK-k. Euskararen erabilera sustatzen Korrika bezalako kultur ekitaldien bidez, mugimendu indartsuak sortuz euskal gizartean”.
Jarraian, herriko adinekoek Tipi-Topa Korrikan egin duten ibilbidearen irudiak, eta bideoa.
