Oiartzungo Udalak babesa azaldu die irakasle baten partetik sexu erasoak jasan dituzten nerabeei
Ordezkaritza duten bi alderdietako zinegotziek babes osoa adierazi diete, erakunde adierazpen bidez, irakasle horren partetik sexu erasoak jasan zituzten nerabeei.
Atzoko udalbatzarreko une bat.Oiartzungo Udala Atzo izan zen Irungo ikastetxe bateko irakasle baten aurkako epaiketaren bigarren saioa. Oiartzungo ikastetxe batean ere izan zen irakasle. Zera leporatzen diote: Irungo ikastetxe horretako hiru ikasle adingaberi diruaren edo oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egin izana, Internet bidezko hurbiltze sexualeko bi delitu, exhibizionismo delitua eta baldintzapeko mehatxu arinen delitua. Hargatik, fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra zuen eskatua gizonarentzat, eta atzoko saioan eutsi egin zioten eskaera horri. Akusatuaren defentsak, baina, zigor eskaera murrizteko galdegin du.
Donostiako epaitegiaren aurrean elkarretaratzeak egin zituzten bai astearteko lehen saioan zein atzoko bigarrenean Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta. Atzo bertan, Oiartzungo udaletxean egindako udalbatzarrean, ordezkaritza duten bi alderdietako zinegotziek babes osoa adierazi zieten, erakunde adierazpen bidez, irakasle horren partetik sexu erasoak jasan zituzten nerabeei. Gainera, astelehenean herrian bertan irakasle horrek egindakoen kontrako jarrera irmoa azaldu zuten Oiartzungo Feministen Asanbladak deitutako elkarretaratzean.
EH Bilduko eta EAJko zinegotziek osatzen dute Oiartzungo Udaleko udalbatza. Honakoa da, hitzez hitz, haiek adostutako eta erasoak jasan dituztenen babeserako erakunde adierazpena:
- Jokamolde horiek guztiz gaitzesgarriak eta onartezinak dira. Ikasleen eta epaiketan parte hartzen ari diren gainontzeko parteen lekukotzek erabateko sinesgarritasuna dute.
- Irakaslearen jokamoldeengatik kaltetuak edo erasotuak sentitu diren nerabe oiartzuarrei babes osoa adierazten die Oiartzungo Udalak. Datozen asteetan erreparaziorako bidea landuko du udalak berdintasun sailetik. Hala nahi edota behar duen pertsona orok jo dezake udaleko gizarte zerbitzuetara, berdintasun sailera edota herriko asanblada feministara babes eta aholkularitza juridiko, sozial eta psikologiko bila.
- Idatzi honen bidez herriko asanblada feministak azken hilabeteetan gai honen inguruan egindako lana eta biktimen bidelagun izateko hartutako ardura eta ausardia ere eskertzen ditu udalak.
- Mota honetako gertaerak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxisten eta genero desorekaren isla arbuiagarriak dira. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, eragileekin eta herritarrekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta pertsona guztien arteko berdintasunaren alde. Eta ezinbestekoa da baita ere, helmugara iritsi artean, arbuiagarriak diren keinu, gertaera eta eraso guztiak salatzen jarraitzea.
