Metodo zientifikoarekin euskararen erabileran eragin dute
Pasaia-Lezo Lizeoko Batxilergoko Lehen Mailako ikasleek soziolinguistika arloko ikerketa lanak egin, eta ondorioak aurkeztu dituzte.
Ikasle taldeetako bat azalpenak ematen.Pasaia-Lezo Lizeoa Metodo zientifikoan trebatzeko giza zientzien esparruko ikerketa egin dute Pasaia-Lezo Lizeoko Batxilergoko Lehen Mailako ikasleek. Hamahiru esparrutan euskararen erabileraren gaineko azterketa lana egin dute hipotesietatik abiatu, hipotesi horiek oinarrian izanda ikerketa lana diseinatu, landa lana egin, eta behin landa lan hori eginda jasotako datuak sailkatu, interpretatu, eta ondorioak ateratzeko. Ondorio horien araberako esku-hartzeak ere egin dituzte hamahiru esparru horietan. Egindakoa jendartean azaltzeko Soziolinguistika Jardunaldia egin zuten ikasleek asteartean Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Ekitaldi irekia zenez, Lizeoko ikasle, irakasle, guraso eta arduradunez gain, hainbat herritar eta eragileetako ordezkariak izan ziren San Juango aretoan.
Lehenik eta behin hamahiru esparruak aztertu dituzten beste hainbeste taldetako ordezkariek egindakoaren berri eman zuten oholtza nagusian. Ondoren, alboko areto batean zuzen-zuzenean eman zizkieten azalpenak ikasleek hala nahi izan zuten denei. Askarirako tartea ere izan zen.
Azaroan abiatu zuten ikasleek Nik ere normal hitz egin nahi dut unitatearen barruko ikerketa aroa. Soziolinguistika Klusterraren baliabide tekniko zein aholkularitzarekin garatu ahal izan dute metodo zientifikoan oinarritutako lanketa. Hala, eragin nahi izan diren hamahiru esparruak askotarikoak izan dira, betiere horietan euskararen erabilera indartu asmoz. Gune horiek Lezoko nahiz Antxoko haur parkeak, Antxoko eta Donibaneko gaztelekuak, Sanpedrotarra futbol taldearen etxeko partidetako harmailak, Aldapeta Maria ikastetxeko boleibol taldea, Antxoko ludoteka, Antxoko pilotalekua, edo ikastolako hainbat eremutan izan dira besteak beste.
Hipotesiak landu, horiek datu bidez garatu, datuen bilketa zuzena egin, eta jasotakoaren araberako esku-hartzeak (ikerketa eremuetako erabiltzaileekin) egin ondoren, ateratako ondorioen berri eman zuten astearteko jardunaldian. Oro har, aztertutako eta esku-hartutako guneetako euskararen erabileran eragin baikorra izan dute ikasleek egindakoek (batez ere aisia kutsuko eta jolas arloko lanketekin eragin nahi izan dute), baina kontziente izan dira esku-hartze puntual horietatik harago, badagoela zertan eragin ikertutako esparruetan euskararen erabileraren uneko gorakada hori iraunkorra eta behin betikoa izan dadin. Txikitik bada ere, aurrez aurre ezagutu dute euskararen normalizazio bidean egin beharreko bidea luzea dela, hizkuntza erabiltzea galarazten duten faktoreak daudela, baina aurkako uhin horien kontra egiteko aukerak ere badaudela, horretarako borondatea eta konpromisoa badago behintzat. Horri guztiari oinarri zientifikoa eman diote Batxilergoko Lehen Mailako ikasleek.
Ikerketa egin duten ikasleak artikulu hau irakurtzen hasi, eta honaino iritsi badira, haiekiko oinarri zientifikorik gabeko HITZAren esku-hartze txikitzat uler daiteke hizkien eta paragrafoen batura hau.
Ondokoak jardunaldiko irudiak dira, Pasaia-Lezo Lizeoak HITZAri eman dizkion argazkiekin.
