Udaberriko oporretan hamaika plan Oarsoaldean
Meategien sakonetik itsasoaren zabalerainoko planak ondu ditu Oarsoaldeko Turismo Bulegoak.
Jaizkibelek hamaika bide eder eskaintzen ditu. Bidaiatzeko aprobetxatzen dituzte oporraldiak askok, baina Oarsoaldeko Turismo Bulegoak erakutsi du aurten berriro, ez dela beharrezkoa Oarsoaldetik ateratzea oporraldiaz gozatu eta leku berezi bezain ederrak deskubritzeko. Errenteria-Oreretan, Pasaian, Lezon eta Oiartzunen egun pasa ederrak eta jarduera mordoa egiteko aukera izango da udaberriko oporraldian.
Errenteria-Oreretaren kasuan, San Marko gotorlekuak ateak zabalduko ditu inguruan den begiratoki onenetarikoaz gozatu ahal izateko. Aste Santuko jai egunetan eta asteburuetan izango da zabalik gotorlekua. Beste harri bitxi bat, Fanderiako Errota. Hori ere bisitatu ahalko da apirilaren 2, 3, 5, 11 eta 12an. Gainera, familia artean egiteko plan bereziak antolatu dituzte bertan: Oiartzun ibaiaren emarietara mendi irteera, eta altxorraren bila jolasa.
Jantziaren Zentroa ere galdu ezin den espazio berezi horietakoa da. Bertan, Donazioak erakusketa berria izango da ikusgai hilaren 28tik aurrera.
Pasaian ere egiteko ugari, eta dena interesgarria. Itsas ondarea izango da protagonista bertan nagusiki. Mater ontzi museoak irteerak egingo ditu Jaizkibelgo itsaslabarretara eta itsas hondakinak biltzeko saio ekoaktiboak egingo ditu. Albaola Itsas Faktoria ere bisitatu ahalko da egun horietan. Gainera, San Juan Baleontziaren eraikuntza bukatu ondoren, proiektu berri batean ari da, Ozentziyo atunontzi tradizionalaren zaharberritze lanak egiten, eta horiek bertatik bertara ikusteko aukera izango dute bisitariek.
Pasai Donibaneko Lur ematearen prozesioa ere aipatu du turismo bulegoak, “giro magikoa sortuko du herriko kale eta tuneletan barrena”.
Lezora jauzi eginda udalerri horren hirigune historikoaren xarma eta Jaizkibel mendia apatu ditu turismo bulegoak, baina baita memoria historikoan murgiltzeko aukera ere Jaizkibelgo barrakoietako ibilbidearen bidez.
Oiartzunen azkenik, Arditurriko meategia egunero bisitatu ahalko da, apirilaren 7an izan ezik, eta haurrentzat mineral bilaketa eta orientazio jolasak antolatuko dituzte. Bertara joateko Arditurriko bide berdea aukera paregabea da. Bisita antolatzeko xehetasun guztiak eta sarreren salmenta webgunean daude eskuragarri (klik hemen).
Luberri Ikasgune Geologikoan hitzordu berezia izango dute geologia zaleek, eta Arizmendienea etxe museoko turismo bulegoa ere zabalik izango da bisitariak hartu eta jauregi etxea barrutik ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzeko. Azkenik, Soinuenea Herri Musikaren Txokoan soinu ondarea ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Agenda osoa kontsultatzeko, klik hemen.
- Hilak 28: 10:00: Itsas hondakinen arrantza, MATER (Pasaia); 16:00: Jaizkibelgo itsaslabarrak, MATER (Pasaia).
- Hilak 29: 11:00: Itsas hondakin bilketa Alabortzan, MATER (Pasaia).
- Apirilak 1: 10:00: Mikroekosistemen tailerra, MATER (Pasaia).
- Apirilak 2: 10:00: San Marko Gotorlekuaren irekiera (Errenteria); 10:30: Fanderiako errotaren irekiera; 11:00 eta 13:00: Jaizkibel itsaslabarrak. MATER (Pasaia).
- Apirilak 3: 10:00: Mineralen bila, Arditurri (Oiartzun); 10:30: Fanderiako errotaren irekiera; Itsas bisita gidatua eta hamaiketakoa, “Euskadi Turismo de Novela” (Pasaia); 20:30: Lur ematearen prozesioa (Pasai Donibane).
- Apirilak 4: 10:30: Oiartzun ibaiko emarietatik mendi buelta, Fanderiatik (Errenteria); 11:00 eta 13:00: Jaizkibel itsaslabarrak. MATER (Pasaia).
- Apirilak 5: 10:30: Fanderiako errotaren irekiera (Errenteria); 11:00 eta 13:00: Jaizkibelgo itsaslabarrak. MATER (Pasaia); Orientazio jolasa, Arditurri (Oiartzun).
- Apirilak 8: 11:00: Mineralen tailerra, Luberri (Oiartzun).
- Apirilak 10: 11:00: Fosilen tailerra, Luberri (Oiartzun).
- Apirilak 11: 10:30: Altxorraren bila, Fanderia (Errenteria); 11:30: Fanderiako errotaren irekiera (Errenteria).
- Apirilak 12: 10:30: Fanderiako errotaren irekiera (Errenteria); Itsas bisita gidatua eta hamaiketakoa Pasaian, “Euskadi Turismo de Novela” (Pasaia).
