50. urteurrenaren abestiaren aurkezpen jendetsua egin du Elizalde Eskolak
Hilabete honetan beste bi hitzordu ondu ditu Elizalde Herri Eskolak urteurren biribilaren harira: herri ginkana eta esku pilota.
Txokolatea eta bizkotxoak banatu zituen Elizalde Herri Eskolak kanta aurkeztearekin batera.Elizalde Herri Eskola Ospakizun betean dabil Elizalde Herri Eskola, eta ez da gutxiagorako, 50 urte beteko baititu aurten. Martxoko azken asteburua berezia izan zuen Elizaldeko hezkuntza komunitateak, udaberriko oporrak hartu berritan 50. urteurrenari doinua jarri dion Koloretako sustrai abestia aurkeztu baitzuten. Aurkezpena, jendetsua. Doneztebe plazak hartu zuen aurkezpen hori, eguraldia lagun, eta herritar, familia eta ikasle ugari batu ziren. Bildutako horien artean txokolatea eta bizkotxoa banatu zituzten.
Abestiaren estreinaldia egin zuten, eta kanta entzuteaz gain, Elizaldeko dantza taldeak berariaz sortutako koreografia dantzatu zuen lehenengoz, jendaurrean. Orain, ikasleek landuko dute eskolako arduradunek jakinarazi dutenez, “eskolako haur guztiek ikasiko dute pausu sorta hau, ekainaren 20ko Elizalde Egun handian denok batera dantzatzeko”.
Karmele Mitxelena Etxebeste idazle eta irakaslearena da letra, eta Irati Matelo Mitxelenak jarri dio ahotsa.
Kanta entzuteko, klik egin hemen.
Emanaldiaren ostean DJak hartu zuen lekukoa eta dantzarako giro bikaina sortu plazan. 50. urteurrenerako sortu duten materiala erosteko aukera ere izan zen, orduan erosterik izan ez zutenek urtean zehar antolatuko dituzten ekintzetan eskura izango direla gogorarazi dute.
Gainera, martxoaren 29an belaunaldien arteko judo topaketa izan zen Elorsoro kiroldegian Elizaldetarrak judo elkarteak antolatuta. Tatamiaren gainean, belaunaldi ezberdinetako oiartzuarrak aritu ziren. Ekitaldi hunkigarria izan zen, hala esan dute antolatzaileek, “Oiartzungo judoaren eta Elizalde Herri Eskolaren arteko harreman estuari omenaldia egin zitzaion, eskolak bere gimnasioa utzi baitzuen kirol hau herrian errotu zedin”.
Topaketan euren abilezia agerian utzi zuten judokek, baita kirol horrek herrian sendo jarraitzeko asmo irmoa azaldu ere.
Bai abestiaren aurkezpenaren zein judo topaketaren argazkiak beherako ikus daitezke.
Herri ginkana eta esku pilota, hurrengo hitzorduak
Martxoko egitaraua bukatuta 50. urteurreneko koordinazio batzordeak hilabete honetarako ondu dituen hitzorduak gogorarazi ditu. Hala, hurrengo ekintza nabarmena hilaren 18an, larunbatarekin izango da: haurrentzako berariaz prestatutako herri ginkana. Elizalde Herri Eskolak herriko txikiak deitu ditu jolas eta proba dibertigarriz betetako egunean parte hartzera.
Hilabete honek izango du beste hitzordurik, gainera. Hilaren 29an pilotari profesionalekin jarduera praktikoa egingo baitute eskola orduetan LH3 eta DBH2 arteko haur eta nerabeek. Zehazki, takoak jartzen ikasiko dute Oiartzungo hiru pilotari profesionalen eskutik: Ander Imaz eta Unai Amiano Elizaldeko ikasle ohiekin, eta Unax Landarekin. Elizaldeko ikaslea eta egun Kadete Mailan lehian ari den Larraitz Galardi Makazaga ere bertan izango da.
