Hvitfeldtska ganbera abesbatzaren emanaldia, Madalenaren ermitan
Ostegunean izango da Suediako abesbatzaren emanaldia. Ostiralean, Aljarafe abesbatzak hartuko du lekukoa agertoki berean.
Hvitfeldtska abesbatza.Hvitfeldtska abesbatza. Gaur egun Suediako gazte abesbatza onenetakotzat jotzen den Hvitfeldtska Ganbera abesbatzak emanaldia eskainiko du Madalenaren ermitan ostegunean —hilak 9—. Goteborgeko abesbatza 17 eta 20 urte arteko 30 abeslarik osatzen dute eta errepertorioaren oinarrian, musika klasikoa eta garaikidea uztarketa lan bikaina.
Josquin des Prez, Giovanni Pierluigi da Palestrina, Johann Sebastian Bach eta Henry Purcell konpositoreen lanak, Eskandinaviako egile garaikideen obrekin nahasten ditu abesbatzak, Sven-Erik Johanson, Wilhelm Stenhammar, Þorkell Sigurbornsson, Einojuhani Rautavaara eta Arvo Parten lanekin, besteak beste.
Abesbatzak Suediako hainbat musikari profesionalekin lan egin du, gainera Alf Hambe kantariarekin, Stefan Forssen pianistarekin eta Kjell Jansson Quartet jazz taldearekin. Aipatzekoa da ere, Suediako musikari ospetsu askok —opera-abeslariak, hari-jotzaileak eta jazz musikariak barne— abesbatza horretan hasi zutela ibilbidea.
Urteetan zehar, Hvitfeldtska Ganbera Abesbatzak bira ugari egin ditu, besteak beste Espainian, Hungarian, Alemanian, Herbehereetan, Maltan, Danimarkan, Finlandian, Norvegian, Eskozian eta Txekiar Errepublikan. Bost CD grabatu ditu, eta 2015ean telebista produkzio ikusgarri bat egin zuen Saint Lucy’s Day tradizio eskandinaviarrarekin lotuta.
Orain Euskal Herrian ariko dira, Errenteria-Oreretan zehazki eta Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteak eta Landarbaso abesbatzak —elkarlanean antolatu dute bi eragile horiek emanaldia— herritar guztiak animatu ditu bertaratu eta gozatzera. sarrera, ohi moduan, doakoa, lekuak bete arte. Emanaldia, 18:00etan izango da.
Aljarafe ostiralean
Eta udaberriko oporrei ginga jartzeko baten beharrean, bi emanaldi antolatu ditu aste honetan bertan Magdalenaren Lagunak elkarteak. Izan ere, ostiralean Aljarafe Kultur Elkartearen abesbatzak hartuko du lekukoa agertoki berean. Bestelako musika ekarriko dute horiek, sevillanak, pasodobleak eta runbak, zehazki. Emanaldia, 19:30ean hasiko da.
Aljaraferen emanaldia Apirileko Azokaren atarikoa izango da. Feria, hilaren 17an, 18an eta 19an ospatuko dute Errenteria-Oreretan, Agirre Lehendakariaren plazan zehazki. Bertan jarriko dute karpa eta barruan flamenko taula.
