Egoera txarrean zeuden zuhaitzak kendu eta berriak aldatu ditu udalak
Espazio publikoen segurtasuna, osasuna eta kalitatea bermatzea izan da jarduketen helburua.
Hainbat eremutan zuhaitza ordeztu eta berriak landatu ditu udalak.Pasaiako Udala Espazio publikoen segurtasuna, osasuna eta kalitatea bermatze aldera egoera kaxkarrean zeuden zuhaitzak kendu eta berriak aldatu ditu Pasaiako Udalak hainbat eremutan. Jarduketaren bidez, egoera txarrean ziren aleak ordeztu dituela azaldu du, “gaitzek edo haizeek kaltetutakoak kendu, eta ingurune bakoitzerako egokiak diren espezie berriak aldatu dira”. Ez hori bakarrik, zuhaitzik ez zen hainbat espazioetan ere landaketa berriak egin ditu udalak, herrian diren berdeguneak handitu eta hobetzeko asmoarekin.
Barrutiz barruti egindako jarduketak azaldu ditu udalak. San Pedrori dagokionez, landaketa berria egin du Torreatzen. Sarrerako biribilgunean egoera txarrean ziren bi zuhaitz kendu ditu bestalde, “adar handiek erortzeko arriskua zuten, eta onddoak zituzten”, eta horien ordez ale berriak aldatu ditu udalak. Botero ondoko txokoan, berriz, infektatutako udareondo bat kendu eta zuhaitz berria jarri du.
Trintxerpen zazpi jarduketa egin ditu udalak, bestalde. Andonaegi plazan haizeak apurtutako zuhaitz bat eta sustraiekin zoladura apurtzen ari ziren beste hiru kendu ditu. Pagoak ziren lauak, eta ez omen da espezie egokia espazio horretarako. Kendutako lau horien ordez, beste hainbeste Cercis siliquastrum (maitasunaren zuhaitza) espeziekoak landatu dituzte.
Herreran, haizeak botatako zuhaitza eta lehortutako beste bi ordeztu ditu udalak; Esnabide kalean lau ezki lehor kendu eta ordezkatu ditu, Arrandegi kalean lehortu den bananondo bat kendu eta zuhaitz berria jarriko du; Ulia kalean igogailuko maldatik eskuinera bi zuhaitz berri aldatuko ditu, eta kale bereko Mendiola azpia eremuan lehortutako zuhaitza kendu eta berria aldatu du. Bukatzeko, Apaizen bidean, ia erabat lehortuta zegoen pinu handia kendu, eta haren ordez, pago gorria landatuko du.
Donibanen, San Roke kalean igogailuaren inguruan sortutako lorategian, lau zuhaitz landatu ditu udalak, bestalde.
Antxorekin lotuta, jarduketak bi eremutan; Hamarretxetan lehortutako kameliaren ordez beste bat landatuko da, eta Zumalakarregi kalean zegoen masustondoa kendu eta berria jarriko du udalak.
