Gastronomia kulturartekotasuna lantzeko tresna
Errenteria-Oreretako hainbat ostalarik Peñascal Kooperatiba heziketa zentroak Errenteriako instalazioetan emandako tailer batean parte hartu dute hilabete honetan 11 Zapore iniziatibaren barruan.
11 Zapore tailerra.Herri Bizia Errenteria-Oreretako hainbat ostalarik Peñascal Kooperatiba heziketa zentroak Errenteriako instalazioetan emandako tailer batean parte hartu dute hilabete honetan udalak jakinarazi duenez. Mikel Sorazu eta Andoni Arabaolaza sukaldarien eta prestakuntza zentroko ikasleen eskutik jaso dute tailer hori, eta helburua izan da munduko irinak prestatzeko teknika eta modu berriak lantzea, kontinente ezberdinetako gastronomian sakonduz eta bertatik bertara ezagutzera emanez. Jardueran parte hartu duten jatorri ezberdinetako pertsonen arteko ezagutzak partekatuz egin dute.
Tailerrean Manuel taberna, Bite Gastropub, Bixigarri Gastroteka, Kerala taberna, eta Txiki Tako takeria tabernetako sukaldariek parte hartu dute, hain zuzen ere, aurtengo edizioko 11 Zapore jardueran parte hartuko duten tabernetako batzuk. Tailerrean kulturarteko eta berrikuntzako ikuspegi batetik janaria prestatzeko gakoak jaso dituzte, bai beren egunerokotasunerako, bai eta lotura estua duen jarduerarako.
Proposamena, hain zuzen ere, 11 Zaporeren osagarri izateko sortu dutela azaldu du udalak: “Udalerriko hainbat taberna eta jatetxek jatorri desberdinetako pintxoak, platerak eta edariak eskaintzea du helburu 11 Zaporek, udalerriko eta munduko aniztasunaren aberastasuna ikustarazteko”. Errenteria-Oreretan 11 Kolore jardueraren barruan egiten den jarduera hori aurten maiatzaren 22tik 24ra bitarte izango da.
Jarduerarekin lotutako eskaintza gastronomiko guztia maiatzetik aurrera egongo da eskuragarri, jaialdiaren gainerako informazioarekin batera.
