Aldaketa Lezoko kirolguneen kudeaketan
Hilaren 1etik Neo enpresa ari da Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekua kudeatzen. Erabiltzaileentzat ez da aldaketarik izango.
Altzate igerilekuko artxiboko irudia. Lezoko Udalak azaldu du Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekua (irudian) kudeatzen dituen enpresan aldaketa izan dela. Orain arte BPXport-en esku izan da bi gune horiek gidatzeko ardura. Orain, Neo enpresak hartu du beregain horien kudeaketa. Hilaren 1etik ari da zeregin horretan Neo.
Gauzak horrela, instalazioen erabiltzaile eta abonatuei informazio baliagarria helarazi die udalak. Batetik, lasaitasun mezua zabaldu du, orain artean bezala erabili ahalko direlako bai Bekoerroetako zein Altzateko instalazioak, “aldaketak ez du eraginik izango eguneroko jardueretan”. Baliteke kudeatzaile berriak barne aldaketaren bat egitea, baina horrek herritarren aurreko zerbitzuan ez duela eragozpenik sortuko ziurtatu du udalak.
2018tik bi kirol azpiegituren kudeaketa kontratua agortuta zen. BPXport-ek jarduneko ardurapean zuzentzen zituen biak. Hainbat saiakeraren ondoren egoera horri irtenbidea eman dio udalak Neorekin “beharrezkoa zen kontratu berria” hitzartuta.
Kudeatzaile berria jada hasi da askotariko informazioak ematen haren sare sozialen bidez.
