'Etxea', Juanba Berasategin
Amahiru konpainiak 'Etxea' antzezlana taularatuko du igandean (19:00) Donibaneko aretoan.
`Etxea' antzezlanaren une bat.Amahiru Igandean (hilak 12) Etxea antzezlana jasoko du Donibaneko Juanba Berasategi aretoak. 19:00etan hasiko da Amahiru konpainiak landutako proposamenaren emanaldia. Sarrerak 12 euroan daude salgai Pasaiako Udalak Internet bidez sarrerak eskuratzeko duen plataforman.
Etxearen, etxebizitzaren arazoa umorez landuko dute Amahirukoek Etxea-rekin. Iñaki Cid Larreak sortutako obra Jon Ander Alonsok zuzendutakoa da, eta hiru aktorek karakterizatuko dituzte obran zehar sortuko diren egoera latz, bitxi eta iradokitzaileak: Eneritz Sanchezek, Iñigo Elosegik eta Iñaki Cidek berak. Euskarazko 75 minutuko obra urtarrilaren 18an estreinatu zuten Hiriburun (Lapurdi), eta Euskal Herriko biran ari dira sormen lanarekin. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren babesarekin sortutako sormena da.
Honakoa da Amahiruko kideek lanaz egin duten sinopsia:
“Pellok bere bizitzako egunik txarrena biziko du. Ohikoa baino txarragoa. Lanetik kaleratua izango da, bikoteak utzi egingo du eta amaren etxera bueltatuko da. Amak etxea saldu du, ezin da bertan geratu, bi aste dauzka bere txikitako gela hustu eta pisu berri bat aurkitzeko. Gaur egungo merkatuan. Gaur egungo prezioekin. Bakarrik. Animo Pello. Baina lortuko du (ez dezagun ahaztu hau antzezlan bat dela, ez da bizitza erreala).
Etxea zoragarria da. Berrehun metro karratuko sabai altuko etxe dotorea. Bost logela, hiru bainugela, sukalde eta jangela argitsuak eta lau balkoi eder. Guztia hirurehun euroren truke. Non dago koska? Pisua partekatu egin beharko duela, bi lagun eta hiruen artean zaindu beharko duten etxearen jabearekin: ohetik ateratzen ez den ehun urteko amona”.
