Autobusaren etenaldiek San Pedron eragindako eragozpenak murrizteko neurriak eskatu ditu udalak
Barrutietako batzarretan jasotako bizilagunen kezkaren harira, zaratak eta emisioak murrizteko neurriak har ditzan eskatu dio udalak aldundiari.
Autobusa San pedron.Pasaiako Udala Egonezina adierazi dute herritarrek San Pedroko biribilgunean geldialdia egiten duten autobus publikoek sortutako eragozpenengatik. Barrutietako batzarretan azaldu zuten kezka bere egin du udalak, eta eskaera egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa departamentuari eragozpen horiek murrizteko neurriak har ditzan.
Miren Murua Arrizabalaga San Pedroko alkateordeak azaldu duenez bizilagunek kezka azaldu zuten barruti batzarrean ibilbide baten bukaeraren eta hurrengoaren hasieraren artean denbora luzea ematen dutelako geldirik motorra piztuta autobusek, “horrek zarata deserosoak eta ekidin daitezken isuri kutsatzaileak eragiten ditu, inguruneko bizi kalitatea, bizilagunen ongizatea eta airearen kalitatea kaltetzen dutenak”.
Horrekin lotuta neurri sorta ezar dezan galdegin dio aldundiari. Hala, planteatutako neurri horien artean, San Pedron jarduten duen autobus flotaren apurkako elektrifikazioa, geldialdi luzeetan motorra piztuta ez izateko protokoloak ezartzea, eta etorkizuneko lizitazio eta emakidetan ingurumen irizpideak txertatzea.
Jasangarritasun eta trantsizio energetikoaren, eta klima aldaketaren kontrako borrokaren arloan dituen helburu eta estrategietan kokatu du udalak, halaber, eskaera, “garraioaren deskarbonizazioaren eta mugikortasun jasangarriagoa eta emisio gutxikoak bultzatzearen alde egiten baitu udalak”.
