Ikastetxeko argazki zaharrak biltzeko kanpaina abiatu du Elizaldek
Elizalde Herri Eskolak 50. urteurreneko atari digitala estreinatu du.
Ikastetxearen mende erdiko ibilbidearen ospakizun betean ari da Elizalde Herri Ikastetxea. Urteurrenarekin lotuta, atari digitala estreinatu du herri ikastetxeak eskolaren web orriaren barruan, eta gainera, kanpaina abiatu berri du ikastetxearen argazki zaharrak bereganatzeko.
Urteurrenaren lanketan ari den lantaldeak zehaztu duenez informazioa ondo antolatzeko beharra sumatu dute, ” urteurrenaren bueltan sortzen ari den ilusioa ikusita, eskolak tresna berriak jarri ditu komunitatearen eskura”. Hori horrela, herritarrek era errazean eskura izango dute urteurrenaren gaineko informazio guztia: “Gune horretan egingo diren hurrengo ekintzen inguruko xehetasunak eta agenda kontsultatu ahal izango dira”.
Horrekin batera, memoriaren txokoa ere izango da espazio hori, “dagoeneko egin diren jardueren kronikak eta irudiak bertan zintzilikatu baitira inor ez dadin ezeren faltan sentitu”.
50. urteurrenaren oinarri nagusietako bat da Memoria Historikoa eta Identitatea, eta hori horrela, eskolak bost hamarkadetako ibilbidea iruditan jaso eta osatu nahi du, “kutxetan, albumetan eta disko gogorretan gordeta dauden altxor horiek berreskuratzeko, argazki zaharren bilketa masiboa abiatu dugu”. Irudiak izanik, partekatu nahi dituzten herritarrek, helburu horrekin propio sortu duten helbide elektronikora bidali behar dituzte (klik hemen). Material hori modu egokian sailkatu eta artxibatu ahal izateko eskaera “garrantzitsua” egin du antolakuntzak: irudiaren testuingurua zehazte, ikasturtea eta data zehaztuta, tokia azalduta —eskolako zein espaziotan, txangoren batean, herriko plazan…— eta testuingurua edo protagonisten datuak gehitzea —zein ekintza den, zein mailatako ikasleak diren, irakasleren bat agertzen den…—.
Bildutako material hori eskolaren mende erdiko ibilbidea dokumentatzeko erabiliko dutela zehaztu dute, baina ez horretarako bakarrik, aurrerago egingo diren erakusketa zein bestelako proiektuetan ere erabiliko dituzte, “adibidez, prestatzen ari garen dokumentalean”.
